Frontenis Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Altzora 2011ko api. 8a, 00:00
Kirolari eta sendo hasi da Sondika euskara altzoratu nahian. Izan ere, joan den zapatu-domekan jokatu zen Altzora Euskara Elkarteak antolatutako 1. frontenis txapelketa. Zapatuan Itziar-Alfontso eta Amets-Iñaki bikoteek hasi zuten txapelketa. Izerdia eta lehia gogorra ikusi genituen bertaratu ginenok. Dena eman zuten laurek, baina Ametsen eta Iñakiren teknika fina erabakiorra izan zen eta lehenago egin zuten 21ekoa. Igande goiza fresko eta euritsu esnatu zen, baina laster epeldu zen giroa Goronda Beheko frontoian. Honakoan Giomar-Itsasne eta Alfon-Olatz bikoteek neurtu zituzten indarrak. Bezperan ikusitakotik ondo ikasita, etsaiaren gabezien ezagule, joko bizia erakutsi zuen nesken taldeak. Ikusgarri aritu ziren. Hala ere, Alfontso eta Olatzen joko kontserbadoreak fruitu hobea izan zuen. Eurak nagusi oraingoan! Final handian Alfontso-Olatz eta Amets-Iñaki aita-alabak nor baino nor. Errespetu handia elkarri, moteltxo hasi ziren baina berehala probatu genuen berriro ere, burua erabiltzen ez duenak hankak nekatu behar izaten dituela. Hankek pot egin zieten Alfontso eta Olatzi eta buruak podiumaren gailurrera eraman zituen Amets eta Iñaki. Domeka eguerdi ostean raketak gorde eta galdutako indarra errekuperatu beharra zegoen. Goronda Beheko teilatupean etsai izandakoak, lagun giro ederrean, pintxojale amorratu bihurtu ziren laster eta, mokaduek utzitako tarteetan, benetako irabazlea euskara izan zela erakutsi zuten herriko tabernetan zehar. Bejondeigula altzoratarroi!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).