SONDIKA EUSKARAREN ALTZORA

Erabiltzailearen aurpegia Altzora 2012ko urr. 1a, 00:00
Zorioneko gaude Sondikako altzoratarrok bertoko euskara elkarteak lehenengoz ospatu duen eguna ezin arrakastatsuagoa izan da-eta. Altzora Eguna estreinekoz atontzeak zekarzkigun urduritasun eta zalantzak bazter batera utzi genituen, bazkaritarako izango ginen mahaikideen kopurua barruntatu ahala. Izan ere, 300 bat lagun elkartu ginen irailaren 22an egindako Herri Bazkarian. Txorierriko auzo herrietatik gogotsu etorri zen jendea Sondikara, bertoko giroa euskalduntzen lagundu eta egun ederra pasatzera. Eguzkia lagun, egun honetarako programazio oparoak ez zuen aspertzeko aitzakiarik emongo: umeentzako zirku eta hegazti harraparien tailerren ostean, Zaparrada taldearen tanbor hotsak Larrabarrenako karparantz eroan zituen artean bertaratu barik ziren herritarrak. Bazkaria berez joan bazen, bazkalostea ere ez zetorren makala: Taberna Ibiltariak kantari eta musikaren ahairetan balantzaka jarri gintuen herriko hainbat elkarte. Ostean Anje Duhalde handiak, gitarra hartuta, aspaldiko hainbat kantu ekarri zizkigun gogora eta, altzoratarrontzat gauzarik pozgarrienetakoa, zita honetan hutsik egin ezin zuen Patxi bera ere kanta haiek ahoskatzen ikusi genuen. Animo, laguna, aurrera egingo dugu-eta! Eguna ilunduz zihoan baina, mahai-aulkiak kenduta, euskal dantzateka bihurtu zen zelaia Aikok jarritako musika eta dantza instrukziopean. Hura zen giroa, hura! Sondikan sekula horrelakorik! entzuten zen bazterretan. Nekeari aurre egin zioten gazte eta nagusitxoagoek, Taberna Ibiltariaren atzean, neurri barik luzatu nahi izan zuten Altzora Egun ederra… Eta gauerdira arte behintzat halaxe izan zen. Zorionak eta eskerrona sondikoztarroi Altzoraren partez gure deiari hain eskuzabal erantzuteagatik! Animo, berriro ere, hurrengorako egun bat gutxiago falta da-eta!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).