Myanmarreko esentzia, kulunkan

Myanmarren esentzia kulunkan dago. Asiako hego-ekialdeko lurralde askorekin gertatu den moduan (Thailandia adibiderik garbiena), turismo masiboaren minbizia Myanmarreko esentzia kutsatzen ari da. Hango argiak eta koloreek ez dute zerikusirik hemen ikus ditzakegunekin. Jendearekin antzekoa gertatzen da: mendebaldeko gizartean nork bere interesen alde egiten dugun bitartean, Myanmarren besteen ongizatea bermatzeaz arduratzen dira bertakoak.

1948tik 2011ra arte diktadurapean egon zen, eta gaur Lehen Munduko martxa hartzen dabilen Hirugarren Munduko lurralde zoragarria da Myanmar. Turismoa gero eta indar handiago hartzen ari da, eta leku bisitatuenetan egunsentiek eta iluntzeek prezioa dute atzerritarrek argazkiak egin ditzaten. Esperientzia ahaztezina da oraindik birjina den lurralde hau errespetuz bisitatzea, beranduegi izan baino lehen.