Urtero legez, aurten bere omenaldia egingo deutso Txorierriko AEK-k Xabin Gaztañaga Koordinakundeko Bizkaiko arduradun izandakoari. Zapatu honetarako deialdia egin dabe Txorierriko AEK-ko kideek Xabinen lagun eta euskaltzale guztiei.
Datorren zapatuan, hilak 22, eguerdiko 13:00an, omenaldia eskainiko zaio Xabin Gaztañagari Sondikako kanposantuan. Bertan agurra dantzatuko da eta lore-eskaintza egingo da. Gero, AEK-ko kideek prestatutako lagun arteko luntxa izango da.
Xabin Gaztañaga 1954an jaio zan Erandioko (Bizkaia) Goierri auzoan, eta 1991ko irailean zendu zen, aspalditik pairatzen eban gaixoak jota. Bere bizitzaren kezka nagusia euskara izan zen, eta gure hizkuntzaren aldeko lanean murgildu zan buru-belarri, Txorierriko AEKn lehenago eta Bizkaiko arduradun gisa geroago. Kultur arloaz gain, sindikalgintzan be pertsona nabarmena eta lan handia egindakoa zan Xabin Gaztañaga.
Xabinen lana eta dedikazioa erabakiorra izan ziren AEKren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanaren garairik latzenetan (1991ko otsailaren 2an, "Euskarak AEK behar du" lemapean, manifestazio jendetsua egin zen Bilbon, Koordinakundearen eta Administrazioaren arteko elkarrizketa eta AEKren lanaren errekonozimendua eskatzeko). Eta AEKren historian betiko gogoratuko dira bere hitzak: "Ez dago AEK desegingo duen Gobernurik ezta Dekreturik ere. AEK herriarengandik sortu eta herriak mantendutako mugimendua baita".
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).