PRIMIZIA! Korrika 17ren kartel zentrala Txorierrin egin da!

Bai, bai! Ondo irakurri duzue! Atzo goizean, hainbat lagun elkartu ginen Larrabetzun. Umeak, nagusiak, gazteak… kolore askotako jendea batu ginen. Haize freskoa zegoen eta bezperako sagardoak buruan kolpatzen zigun, baina denok hantxe, Korrikaren alde tente! “RIka, Rika, Rika... hemen dator Korrika!” oihukatuz. Korrikako lekuko dotorea bertatik bertara ikusi eta ukitu ahal izan genuen eta 17.Korrikako petoak lehenengo aldiz jantzi genituen! Laster, Euskal Herri osoan zehar ipiniko diren karteletan, aurpegi ezagunak ikusiko ditugu. Korrika 17ren protagonista nagusietako batzuk txorierritarrak izango gara! AUPA GU! Ez da lehenengo aldia Korrikako arduradunek Txorierri aukeratzen dutena. Duela 10 urte, 12.Korrikan, Fermin Muguruzaren “Big Beñat” kantaren bideoklipa ere bertan grabatu zen, Zamudion, Bizkaiko Teknologi Parkean. Zenbat euri egin duen ordutik! Bideoklip horretako ume txikiak, gaur egun EGA prestatzen ari dira! Ikusi, ikusi hemen. Larrabetzutik.org webgunean ere eman duten honen berri.