Ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzeko, Txorierriko Mankomunitateak kanpaina berri bat jarriko du martxan Txorierriko herrietan, “AhoZgozatu” lemapean. Kanpaina hau irailaren 19an (igandea) 12:30etik 15:00retara burutuko da, eta ordutegi horretan, parte hartuko duten tabernetan, ohikoa baino merkeagoak izango diren pintxoak egongo dira salgai.
Txorierritarrek, bada, pintxoak euskaraz eskatu eta gozatu baino ez dute egin beharko, eta euskaraz eskatzeagatik pintxo goxo-goxoak merkeago izango dituzte.Gainera,pintxoari eusten dion zotzean osagaiak zeintzuk diren azaltzen duen txartela egongo da atxikia, dena euskara hutsean.
Nahi duenak pintxo onenaren saria erabakitzen ere lagundu ahal izango digu, tabernetan edonoren eskura egongo diren txarteltxoetan pintxorik gustokoena markatuz, eta hau egiteagatik partehartzaile guztiak sari baterako zozketan sartuko dira. Kanpainari amaiera emateko, abenduan, Euskararen Eguneko egitarauaren barruan, Txorierriko pintxo onenaren saria banatuko da, herri bakoitzean irabazle suertatu den tabernen arteko final handian.
Hauexek dira herri bakoitzean parte hartuko duten tabernen izenak:
Derion ---) Adarve taberna, Derioko Batzokia, Amaiketako taberna, Mendia taberna, Rockefeler taberna, Txoria Herriko Taberna eta Udondo Irish Tavern.
Larrabetzun ---) Larrabetzuko batzokia.
Lezaman ---) Lejarrene jatetxea eta Oxangoiti Herriko Taberna.
Loiun ---)Gure Etxea Jubilatuen Etxea, Loiu Hotela eta Loiuko Batzokia.
Sondikan ---) Egarri taberna, Sondikako Batzokia eta Tindaya taberna.
Zamudion ---) Ama3 taberna eta Errota jatetxea.
Beraz irailaren 19an , pintxoa euskaraz eskatu eta …. Ahozgozatu!!