atorriz txorierritarra ez bada ere, harreman handia du gurekin. Izan ere, Kukuke Derioko antzerki taldean irakasle ibiltzeaz gainera, herrian martxan jarritako hainbat ekimenetan ere badabil muturra sartuta.
Antzerki mundura bat-batean ailegatu zara. Zelan etorri zaizu aukera?
Umeekin askotan ibili naiz monitore, baina antzerki arloan ez, nahiz eta ni betidanik oso antzerkizalea izan naizen. Iaz antzerki tailer-ikastaro bat egin genuen eta oso dibertigarria izan zen. Asko gustatu zitzaidan eta antolatzaileek umeei klaseak ematea proposatu zidaten. Kurkuluxetan Bilboko antzerki taldean parte hartzeko aukera luzatu ere egin zidaten.
Ondo moldatzen zara umeei irakasten?
Oso ondo. Eta aitortu behar dut askotan eurek niri irakasten didatela nik eurei irakasten diedana baino gehiago. Pasa den ikasturtean talde bi izan nituen: bata, sei urteko umeena; eta bestea, 11 urteko gaztetxoena. Nagusitxoekin denbora gehiago eman behar duzu hitz egiten, horiek lasaitzeko, lotsa kentzeko... eta ariketak luzeagoak egiten dira. Nagusiekin bost ariketa egiteko behar den denboran 10 ariketa egiten dituzu txikiekin.
Txikiekin lan egitea errazagoa da, beraz.
Horiekin nahi duzuna egiten duzu. Ez dute lotsarik. Ariketak jolasak dira eurentzat eta ez dute mugarik. Gogo handia dute gauzak egiteko, eta irudimen handia ere badute. Ikaragarria da.
Antzerkia irakatsi ez ezik taula gainean antzeztu ere egiten duzu; Karramarroi pertsonaia, hain zuzen ere. Eroso zaude horren barruan?
Bai! Ane Monna, Oskola eta Karramarroi Kurkuluxetan taldekoek asmatutako pertsonaiak dira, eta ni baino lehen bazegoen beste aktore bat Karramarroiren papera egiten zuena. Pertsonaia aldatu ez bada ere, nik nire ukitua eman diot.
Kostatu zitzaizun taulara igotzea?
Ez naiz oso lotsatia, baina saioa hasi aurretik eszenatokiaren atzean izaten naiz burua hutsik gelditzen zaidala. Kideek lasaitzen naute azken segundoan eta urduri ateratzen naiz, baina atzean lagunak ditudala badakidala. Guztiok ditugu mugak, baina halako gauzak egiten dituzunean, muga horiek gainditzen dituzu. Horren haritik asko ikasi dudala esango nuke. Dena dela, ikastaro gehiago egin nahi dut, eta gauza gehiago ikasi. Lagunek “farandulera†esaten didate, eta egia izan beharko da... Izan ere, mundu hau ikaragarria da. Eta ez soilik antzerki-saioei dagokienez... Pentsatzeko era zabalago bihurtzen da, jendearekiko harremanak ere zabalagoak dira... Beste ikuspuntu bat hartzen duzu.
Agenda 21 foroaren ardura izan duzu Derion. Hori ere esperientzia ona izan da?
Bai. Nik Zientzia Politikak ikasi ditut, baina gehien gustatzen zaidana herriko mugimenduei buruzko lanak egitea da. Foroak aukera handiak ematen dizkizu jendearekin harremanetan egoteko. Nik gazteriaren inguruko foroa eraman dut eta pozik irten naiz handik. Lana batez ere informazioa jasotzean datza, eta uste dut aukera paregabea dela, instituzioa parez pare duzulako eta horri zuzenean galdetu ahal diozulako.
Antzerkia eta foroa gutxi balira, kazetaritza munduan ere eman dituzu lehen urratsak...
Beitu Derioko aldizkarian nabil lanean. Bertan neu naiz bakarra kazetaria ez dena, baina uste dut ondo konpontzen naizela eta nire ikuspuntua ezberdina dela. Gainera, lotsarik ez dudanez, ba arazorik ez: ulertzen ez dudana behin eta berriro galdetzen dut.
Neska polifazetikoa
Larrabarri Derioko baserriko ganbararaino hurbiltzen bagara, bertan topatuko dugu Alaitz. Berak esaten duen bezala, “han hainbat ordu sartzen ditut etaâ€. Alaitz Argandoña Oteiza Arangoiti auzokoa da. Zientzia Politika ikasketak amaitu eta Tokiko Agenda 21 egitasmoan hasi zen lanean Derion. Jarraian, Beitu hilabetekarian sartu zen laguntzaile. Berbalagun Txorierriko proiektuan ere hartu zuen parte, eta han zegoela Tximintx euskara elkarteak antolatutako antzerki tailer batean eman zuen izena. “Eta antzerki mundura egin nuen saltoâ€. Kukuke Derioko antzerki eskolako taldeak ditu bere ardurapean, eta Bilboko ikastetxeetan ere irakasten du antzerkia. Hango umetxo gehienek Karramarroi bezala ezagutzen dute, izan ere gaur egun pertsonaia horrena egiten du Kurkuluxetan Bilboko antzerki taldean.