Iraila mugimendu handiko hilabetea izan da Derion. Gure señeak elkartea jendaurrean aurkeztu da eta asteburu bitan zehar maratoi solidarioa antolatu da elkarteari laguntza emateko. Antolatzaileek ezin dute sinestu jasotako atxikimendua eta babesa.
Gure señeak elkarteak gaixotasun arraroa edo larria duten umeen eta horien familien bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Derion hainbat ume daude aipatutako egoeran. Era berean, umetxo eta familiekiko solidaritatea bultzatzea ere badu ardaztzat elkarte honek, eta horretarako, maratoi solidarioa antolatu du irailean. Herritarrei laguntza eskatu zaie eta derioztarrek erantzun ezin hobea eman dute. Besteak beste, kultura eta kirol ekitaldi sorta zabala egon da herrian, eta Pirritx eta Porrotx pailazoek eskaini zuten saioa. Derioztarrak kalera a-tera dira, eta horiekin batera, ekimenarekin bat egin duten hainbat txorierritar eta kanpotar. Herria jendez gainezka egon da asteburu bietan.
Aurpegi ezagunak ere ikusi ditugu aurkezpen-ekitaldian: Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Iribar futbol-jolari ohia, Marino Lejarreta eta Iban Mayo txirrindulariak, Aitor Elizegi sukaldaria, banaka batzuk aipatzearren. “Ekimena prestatzen hasi ginenean, ez genuen hau inondik inora espero. Emaitza itzela izan da; ate guztiak zabaldu dira eta denak la-guntzeko prest azaldu dira”, esan dute elkartetik.
Ekitaldietan batutako dirua umeen eta familien beharrizanak betetzen laguntzeko erabiliko da. Hala ere, elkartekideek azaldu duten moduan, diru ekarpen hori garrantzitsua izan arren, ez da gizarteari helarazi nahi dioten balio bakarra. “Azken bolada honetan eguneroko laguntza ematen ari gatzaizkie familiei: umeak jolastera eramanez, euren bila eskolara joanez, etxean lagunduz... Izan ere, familiok bestelako laguntza ere behar dute eta garrantzitsua da gu hori emateko prest azaltzea. Hau da jai arrakastatsu honen bitartez zabaldu nahi izan dugun mezua; elkartasuna, hitz batean”.