TOTOAN Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoak Baserri Antzokiaren barri emon euskuen urtarrilean. Proiektua haize alde dabil, eta eskualdeko eta inguruko euskaltzaleen topagune bilakatuko da laster. Egitasmoa Mankomunidadearen parte-hartzeagaz jarri dabe abian.
Egitasmoaren lehenengo fasea amaitutzat jo da. Halan, bada, Fundazinoa eratu dabe TOTOANek eta Mankomunidadeak, eta lurraren plano topografikoa be egin da, lurraren analisi eta guzti. Arkitektoa behin betiko proiektua dabil lantzen, eta talde eragileak kapitalizazino faseari ekin deutso. Horren haritik bazkideak egitea hartu dabe gaur egun helburu. Ekarpen ekonomikoa enpresek, partikularrek, komertzioek edo mikroenpresek egin ahal izango dabe. Horren truke abantaila ezin hobeak eukiko ditue. Kideek edo persona partikularrek, besteak beste, fundazino baten kidea izateak dakarren desgrabazinoa izango dabe errenta-aitorpenean, eta beherapena egingo jake Baserri Antzokiko ekitaldietan eta eskaintzen dituan zerbitzu eta produktuetan. Era berean, lehentasuna izango dabe sarrerak eskuratzeko, eta urteroko bazkarirako tiketa be emongo jake doan. Aitatutakoez ganera, euren negozioaren publizidadea Baserri Antzokian bertan edo haren webgunean jarriko jake komertzio lagunei.
Eregite beharrak laster hasteko asmoa dabe proiektuaren sustatzaileek.
Zabala eta euskaltzalea
Baserri Antzokia Derion kokatuko da, Seminario atzean. Eraikin jasangarria izango da, eta kirol eta kultur ekintzak antolatuko dira bertan. “Euskerea eta kulturea doguz ardatz nagusi, eta antzokian euskeraz egiten diran ekitaldi guztiek eukiko dabe lekua”, aitatu dabe. Horretarako guneak eraikinaren barruan zein kanpoan atonduko ditue, eta tabernea eta jatetxea be egongo dira. “Txorierriko eta inguruko euskaltzaleen topaleku bihurtzea gura dogu. Antolatuko diran ekitaldien bitartez edo, beste barik, aisialdian pertsonen arteko topagune bezala, eskualdean giro euskaldunean gizarte-harremanak sustatzeko”. Beste alde batetik, Baserri Antzokia lehen sektorearen eta teknologiaren erakusleihoa be izango da.
Proiektu zabala da, ideologia politikorik bakoa eta euskalduntasuna ardatz bakartzat dauena. Txorierritarrei eta inguruko euskaltzaleei ez eze eskualdeko enpresetako langileei be emongo deutse zerbitzua. Txorierriko eta inguruko euskaltzaleek proiektuan parte hartzeko erea dabe, diru, ideia edo laguntza ekarpenen bitartez.