Alberto Villacian Goiri, Derioko Bestorrene baserriko semea: "Lehengo hondakinen hondakinak be ez da

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2010ko aza. 2a, 01:00

Aikor aldizkarian sinatzeko Tximintx euskara elkartekook Bestorrene izena erabiltzen dugu. Eta oraingoan Bestorreneko ondorengo bat elkarrizketatu dugu.

Baserria bota ebenetik etxebizitza asko eregi diran arren, XIX. mendeko baserri hau derioztar guztion gogoan dago, eta batez be familiarenean. Albertori egindako alkarrizketa honen bitartez, txorierritar guztioi aurkeztu gura deutsuegu Derioren eta lehengo Euskal Herriaren historiaren zatitxo bat beragaz eroan eban Bestorrene baserria.



Noz sortu zan baserria?

Azken eraikuntza 1900. urtekoa da, baina aurretik beste baserri bat egoan. Guk plaka bat euki genduan etxean, 1900. urtekoa zala esaten ebana. Dirudienez etxea eregiarazo ebana Juan Ramón Goiri Vidaurrazaga izan zan, 1847. urtean Derion jaio ei zana. Halan be, behin baino gehiagotan berreregin behar izan zan, suak zirala eta. Juan Ramón Goiriren aitita Gatikan jaio zan XVIII. mendearen amaiera aldean. Beste adar guztien sustraiak Deriokoak dira.

Zein da baserriaren jatorrizko izena?

Baserriak bere momentuan beste izen bat euki eban, Vista Ona, eta handik dator Bestorrene; horixe dala izenaren esanahia esan izan da beti gurean. Eskrituretan beste idazkera bi bere ikusi dodaz, Cestaona eta Mestorrena. Baina badakizu, lehen notarioetan ez ekien euskerarik, eta baserritarrek euskeraz egiten eben... seguruenik txarto ulertuak izango dira.

Nor ezagutu zenduan baserrian lehenengo?

Nik familiaren genealogia guztia daukat aterata XVI. mendera arte. Gaur egun dokumentuak eskaneauta dagoz, eta nahiko atzera joateko aukerea dago. Nik Jesus Goiri aititaren aita, Elias Goiri, ezagutu neban lehenengo Bestorrenen. 1897. urtean jaioa zan. Jesus Goiri amaren aita zan, aitaren aldetik jatorko baserria amari.


Baserria egoan lekuko kaleek, gaur egun, orduko toponimoen izenak daukiez. Gogoratzen zara baserriko solo izenakaz?

Solo batzukaz akordetan naz; bere garaian danak bat ziran, baina bideak egiten hasi ziranean zatitu egin ziran. Mahastia esaten geuntsan parte bateri, nik ezagutu aurretik mahats landarak egon ei ziralako bertan. Errekamune zan beste bat, Errekalde egoitzaren eta futbol-zelaira doan bide barriaren artean egoan. Munatxu bat zan, eta oraindino be bertan dago nik txikitan landatu neban pinua. Eskrituretan Guimera Echalde be ikusi dot, nik beti Kaskimera entzun dot etxean, ez dakit zergaitik. Mungiko bidearen azpian, lehen saskibaloiko pistak egozan lekuaren ondoan egoan. Eskola zaharrak egiteko lurrak be aititek emon ebazan, lehengo hiltegiaren aurrean. Loiuko amamak lehengo kontuak irakatsi eustazan, solo eta belardi izen guztiak, baina ez naz danakaz gogoratzen.

Bestorreneko aitita eta amama zein zereginetan ibilten ziran?

Aitita tratantea zan, ganadua Santander inguruan erosi eta Mungian, Bermeon… saltzen eban. Amamak gaztaia egiten eban. Neguan artzainak etorten ziran Karrantza aldetik, eta ardiak baserrian gordetan ebezan. Era bitako gaztaia egiten eban amamak, batetik, ardi-esnea eta behi-esnea nahastuta egiten zana, eta, bestetik, Burgosko gaztaia deitzen zana, legarra eta behi esneagaz egiten zana. Jentea baserrira etorten zan erosten. Solo txiker bat baegoan, baina ez askorik. Lehenago bai, garitzak eta fruta-arbolak egozan; aurreko belaunaldien goldeak, bostortzak, galbaheak… ikusi izan dodaz etxean.



Zein urtetan bota eben baserria?
2003. urtean izan zan. Penaren penaz negar egin genduan danok.

Nondik hartu dozu euskerearenganako zaletasuna?

Euskeraren eta euskal baserriaren gaineko interesa amamagandik jatort. Izan be, hagaz ordu luzeak emoten nebazan baserriaren gauza askori buruz berbetan ... beragandik lehengo kontu asko ikasi dot.

Zer deritxazu baserriak desagertuz doazan Txorierri barri honeri?

Negargarri, berba baten. Lehengoan anaia aireportura eroan neban kotxez, eta bidean ikusi genduan lehengo baserririk gehienak botata dagozala: Idorsolo, Landabeheko… ez dago baserririk. Lehengo Deriok eta oraingoak ez daukie zerikusirik. Nik lehengo Derion hondakinak ikusi ahal izan dodaz gazte denporan, baina orain hondakinen hondakinak bere ez dagoz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).