2011-2012 ikasturterako aurre-matrikulazio garaian gaude eta umeak eskolan sartzeko matrikulazio epea otsailaren 11ra arte egongo da zabalik.
Tximintx euskara elkarteak ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen hezkuntzaren alde egiten du. Uste dugu Derioko eta Euskal Herriko ikasle guztiek eskubidea dutela euskara ikasteko, eta, horretarako, bide bakarra D ereduan ikastea da.
Beraz, matrikula ezazu zure seme-alabak D ereduan:
- Derioko eta Euskal Herriko berezko hizkuntza ardatz duelako: euskara.
- Euskaraz jakitea bermatzen duen eredu bakarra delako.
- Balio erantsia emango dio haurraren heziketari eta orain duen gaitasuna baliatu ahal izango du, bi hizkuntza edo gehiago aldi berean ikasteko. Hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ikasteko gaitasuna indartuko du.
- Euskarak gehiago emango dio haurraren heziketari, komunikatzeko aukera zabalagoak eskainiko dizkio eta pertsona gisa hazteko oinarriak errotzen lagunduko dio.
- Beste eredu batzuetan ikasteak baino etekin handiagoa eta emaitza hobeak lortuko ditu. Etorkizunerako erroak sendotuko ditu: lan aukera gehiago izango du. Euskaraz zein gaztelaniaz bikain aritzeko aukera.