Euskara elkartea sortu da Sondikan. Elkarteari Altzora jarri diote izena. “Altzo hitzak magal esan nahi du, eta gurasoek seme-alabekin egiten duten bezala, euskara gure magalean eduki eta zaindu behar dugu”, azaldu dute.
Elkartean 15 partaide daude, baina bazkidetza kanpaina laster zabalduko dute. Bitartean, euskara elkartean izena eman nahi duenak helbide elektroniko honen bitartez egin dezake: altxora.ee@gmail.com. “Eskatzen ditugun baldintza bakarrak hauek dira: alde batetik, euskaltzalea izatea; eta bestetik, gogoa edukitzea”.
Datozen hilabeteetarako hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, sondikoztarrei elkartearen berri emateko. Horrela, martxoaren 11n eta 12an inauteriak izango dira herrian eta jaia aprobetxatuko dute, triptikoak banatzeko. Horrezaz gainera, Taberna Ibiltariak kantu-saioa eskainiko du tabernarik taberna.
Altzora euskara elkartea helburu hauek dituela sortu da: euskara sustatzea, Sondikan euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatzea, mota guztietako ekimenak euskaraz antolatzea, herriko euskaldunen sarea zabaltzea eta sendotzea, eta Txorierriko beste euskara elkarteekin elkarlanean aritzea.
Ondo etorri beraz ALTZORA.