Aikor aldizkarian Santzokako Ziortza eta Tximintxeko Xabi elkarrizketatu dute jaiak direla eta. Hona hemen elkarrizketa:
San Isidro jaiak maiatzaren 11tik 15era izango dira Derion. Jaiok nobedadeak ekarriko deuskuez aurten; nagusia, kultur taldeek eta herritarrek osatutako jai-batzordea sortu dala. Ziortzak eta Xabik emon deuskue jai-batzordearen eta haren beharrak ekarri dituan nobedadeen barri.
Zergaitik ikusi dozue jai-batzordea sortzeko beharra?
Batetik, aurreko urteetan, egunean zehar giroa baegoan be, gauean ez egoan mobimentu handirik. Bestetik, kultur alkarteok aspalditik ikusten genduan ez zala behar besteko ahaleginik egiten, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Egia da alkarteok jaietan parte hartzen genduala, baina bakotxak bere ekintza sustetan eban eta ez zan beste alkarteek antolatutako ekimenetan ibilten. Hau da, alkarteon artean ez egoan ezelango sare komunik. Eta gai horreei biei bultzadea emon behar jakela pentsetan genduan.
Nortzuek osatzen dozue batzordea?
Jai-batzordea sortzeko ideia, batez be Tximintx euskera alkartetik eta Santzoka gazte alkartetik sortu zan. Gugaz batera honeek be badagoz: DerioKOmunikazioa, Lainomendi dantza taldea, Jauntzi Jarauntsi Troupe, Tabernarien alkartea, taldeetan ez dagozan hainbat herritar eta Udaleko langile batzuk. Herriko alkarte guztiok ez gagoz batzordean, baina aitatu beharra dago alkarte batzuetako ordezkariak guregana unean-unean etorten dirala. Datozan urteei begira, gustauko litxakigu jai-batzordean herriko alkarte guztiak egotea.
Zelango onurak ekarriko ditu, zuen ustez?
Lehenengo eta behin, parte-hartzea. Herriengandik herriarentzat egindako jaiak izango diralako. Era berean, alkarteok foru antzeko bat sortu dogu, eta, beraz, alkarteon arteko hartuemona sendotu eta landu egin da; hori funtsezkoa da herritarra izan gura dauan zeozer egiteko.
Eta nobedadeen gainean egiten badogu berbea?
Sukalki Eguna, esate baterako, beste era baten planteau dogu. Orain arte nahiko profesionala izan da, txapelketa modukoa, eta sari handiak emon dira. Aurten, barriz, filosofia hau dogu: sukalkia han prestau, eta, gero, guztion artean herri bazkaria egin. Ekimen herrikoia izango da eta ez da saririk emongo. Azokari be beste ikutu edo ikuspuntu bat emongo jako, eta pintxo poteoa egingo da lehenengo aldiz. Bestetik, kontzertuen aldeko apustua egin dogu, eta barikuan eta zapatuan egongo dira. Kontzertuek estruktura hau eukiko dabe: Txorierriko talde hasibarria, talde ezaguna eta erromeria.
Jai-guneari jagokonez be egongo dira aldaketak, ezta?
Bai. Jaiak herrigunetik gero eta urrunago eroan diran ustea dogu, eta jai-gunea Gernikako Arbola kalean ipiniko da aurton. Kalea trafikorako itxiko da, eta karpa erraldoi bat ipiniko da. Karpapean txosna bi eta eszenatokia atonduko dira.
Berriz erabilteko edalontziak jarriko dozuez salgai.
Horreek txosnetan eta hainbat tabernatan ipiniko dira salgai euro batean. Halan, jai-gunea eta kaleak garbiago egotea lortuko dogu, eta ingurugiroa zaintzen lagunduko dogu. Gainera, ateraten dan dirua hurrengo urteko jaietarako erabiliko da.
Euskera sustatzeko ahalegina be egin dozue.
Ahal dan bitartean, ahalegindu gara euskereak gure arteko hartuemonetan eta jaietan presentzia handia izatea. Adibidez, batzarrak, aktak, eskaerak... euskeraz egin doguz, eta hainbat ekimen be euskeraz izango dira.
Jai-batzordea beharrean dagoan lehenengo aldia da, zer itxaroten dozue jaietatik?
Hasteko, lantalde polita osatzea. Izan be, gu ekimenak koordinetan ibiliko gara, baina herritarren laguntzea eta sostengua be beharko doguz: garbiketeagaz, txosnetan txandak antolatzeko orduan... Eta herritarrak animau eta jaietan parte hartu daiela: lehenengo eta behin, derioztarrak; eta gero gainontzeko txorierritarrak. Eta, jakina, eguraldi ona.