Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak tokian tokiko elkarteekin batera antolatzen duen Kultur Errota zirkuituak Txorierrira ekarriko du datozen egunotan bere eskaintza berria: eskualde zirkuituak, alegia. Zirkuituak elkarlanean jarri ditu Derioko Tximintx, Zamudioko Lagatzu, Lezamako Zorrizketan eta Larrabetzuko Arrekikili elkarteak, umoreari eskainitako kultur zirkuitua osatzeko. Lehenengo aldia da eskualdeko euskara elkarteak halako proiektu komun batean dihardutena, eta laurek ere esperientzia honek aurrerantzean ere antzeko elkarlana sortzeko itxaropena dute.
Txorierriko kultur zirkuituak sei emanaldik osatzen dute, martxoaren 15etik 30era bitartean aurkeztuko direnak. Saioetan hartuko dute parte honakoek: Asisko Urmeneta eta Edorta Agirre, Etxahun Lekue, Oihana Bartra eta Xabi Paya, Gilkitxaro antzerki taldea, Xabier Amuriza, Erdizka lauetan eta Sustrai Colina eta Onintza Enbeita.
Topagunearen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta hori lortzeko, besteak beste, Kultur Errota zirkuitua antolatzen du, federazioaren kide diren Euskara Elkarteekin batera. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea.
Kultur Errotaren ideia nagusietako bat kultur eskaintza herrietara hurbiltzea da. Aurten, gainera, hurbiltasun horri atarramendu gehiago ateratzeko bidea ireki du Topaguneak, eskualde zirkuituak antolatzeko aukera eskainiz. Eskualde zirkuitu horien helburua hurbil dauden euskara elkarteen kultur programazioa koordinatzea eta, horrela, eskaintza bateratua lortzea da. Zirkuituon oinarria oso sinplea da: hurbil dauden herrietan kultur alor bereko hainbat ikuskizun eskaintzea, elkarren aberasgarri izan daitezen.
Txorierriko kultur zirkuituak, esan bezala, elkarlanean jarri ditu eskualdeko euskara elkarteak eta, bakoitzaren eguneroko zereginetan interferentziarik sortu gabe, aurrerantzean ere eskualde osoari begirako proiektuak abiatzeko bide interesgarria zabaldu du.