Jasone Mendizabal: “Baserri Antzokia aukera paregabea da arnasgune bat eraikitzeko”

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2011ko eka. 22a, 00:00

aikor
Txorierriko Baserri Antzokia euskal giroan murgiltzeko gunea eskainiko die eskualdeko zein inguruetako euskaldunei. Halako tokien garrantziaz aritu gara Jasone Mendizabal Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren zuzendariarekin.


Baserri Antzokiak euskaldunon topagunea izatea du helburuen artean.
Euskaldunok gure egunerokotasunean euskaraz bizitzeko, harremanak izateko, eta gozatzeko aukerak eta espazioak topatzea ez da beti erraza izaten. Baserri Antzokia moduko proiektu batek, topaleku erreferentzial gisa, espazio garrantzitsu bat bete dezake euskaldunentzat. Eta, zalantzarik gabe, zentzu horretan aukera paregabea da arnasgune bat eraikitzeko. Alde batetik, elkartzeko ikur bat izan daiteke euskaldunentzat; eta bestetik, espazio irekia da herritar guztientzat.

Arnasguneak antolatzea eta zaintzea, hain zuzen ere, beharrezkotzat jo zuen Topaguneak azken kongresuan.
Gaur egun, euskaldun guztiok bagara behintzat elebidunak, eta euskaraz ez dakiten herritarrekin bizi gara espazio berean, auzo berean. Egoera honetan, zoritxarrez, euskarak ditu galtzeko guztiak, komunikazioaren edota edukazioaren izenean, bestearen hizkuntza lehenesten baita. Baina euskarak, inon izatekotan, Euskal Herrian eta Euskal Herriko herrietan du, euskaldunon bitartez, garatzeko aukera. Beraz, ezinbestekoa da espazioak eta funtzioak eraikitzea, euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko. Espazio hegemonikoak, zeinetan jakintzat ematen baita hor naturalena euskaraz aritzea dela.

Zelako ekarpena egingo die Baserri Antzokiak Txorierriri eta herritarrei?
Hau bezalako espazio ireki batek herritar guztiei zerbitzua emateko bokazioa du; horiek euskaldunak izan ala ez. Baserri Antzokiaren balio erantsia beste nonbaitetik dator: euskaldunek pentsatutako, diseinatutako eta eraikitako espazioa izanda, zerbitzua euskaraz eskainiko dio nahi duen guztiari, eta han lasaitasun eta naturaltasun osoz aritu ahal izango da euskaraz. Horrezaz gainera, euskarazko kultur adierazpenetarako eta aisialdirako programak antolatuz gero, arnasgune bizigarria suerta daiteke Txorierriko eta inguruetako euskaldunentzat.

Eta erdaldunei?
Halako espazio batek euskaldunak ikusarazteko, eta euskal kulturari prestigioa eman eta hura zabaltzeko balio du. Euskaraz ez dakitenei ere egon behar du irekia, ezinbestean, hori gure eguneroko harreman sareen isla delako, baina erdigunea beti euskal identitatean kokatuta.

Etorkizuneko proiektua da?
Totoaneko kideak, inguruko eragile eta herritarren artean ilusioa pizteko, erakusten ari diren ahalmena azpimarratuko nuke, eta horrek ematen duen bermea. Antzokia euskaldunak eta herritarrak ilusioz kutsatzen imajinatzen dut etorkizunean, euskaldunen komunitatea, erdigunean, modu erakargarrian kokatuta.

Etorkizuna urteetan bermatzeko, zeri eutsi beharko dio?
Gaur egungo krisi garaia ez da errazena, hau bezalako proiektu bati bultzada emateko. Antzokiaren barne bizitzak euskaldunon komunitatea biziberritzeko bokazioari tinko eutsi diezaiola, bideragarritasun ekonomikoak jar ditzakeen baldintzen gainetik. Proiektuaren atzean dagoen giza taldea ezagututa, erronka biei eutsiko diela zalantzarik ez dut.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).