Padelean, eskaladan, informatikan edo soloan arituko gara

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2011ko ira. 20a, 00:00

Aurten berbalagunek taldeetan parte hartzeko aukera ematen dizue. Zein da baldintza bakarra? Euskaraz bizitzeko gogoa izatea! Berbalagunok izango gara talde hauen arduradunak, eta parte hartu nahi izanez gero, izena ematea baino ez daukazue!

PADEL TALDEA: Zerbait berri ikasteko asmoa? Ondo pasatzeko gogoa? Aurten padel taldeak jarriko ditugu martxan berbalagunen! Denetarik egongo da: ikasten hasiko direnak, apur bat kontrolatzen dutenak, ondo dakitenak, kirola egin nahi dutenak… Hori bai, denon helburua euskaraz aritzea eta, bide batez, ondo pasatzea izango dugu. Ordu bat baino ez duzu behar astean. Anima zaitez!!!



INFORMATIKA IKASTAROA: Iaz hasi ginen ekintza honekin eta helburua informatika ondo ez dakitenei irakastea izan zen. Berbalagun batek emanda, taldean sortutako giroa ezin hobea izan zen! Beraz, euskalduna bazara edota ikasten ari bazara, eta informatika mundua erronkatzat badaukazu, eman izena!!!



SOLOA BERBALAGUNENTZAT
: Lur zati bat zaintzeko prest? Aurten berbalagunok, lagun talde batekin soloa lantzeko aukera eskaintzen dugu. Kasu honetan ere, elkarri irakatsi beharko diogu eta, bide batez, gure lurrak lantzen ikasten dugun bitartean, euskara ere praktikatuko dugu, mihia aske, eskuak jo eta ke! Honetarako, egutegi bat zehaztuko dugu, talde bakoitzak bere aukera izan dezan. Anima zaitez, asko ikasiko duzu eta!



ESKALADA TAILERRA: Menditik gora, rokodromoetan errege… aurten spiderman sena loratu nahi baduzue, gurekin izango duzue aukera. Berdin da adina , berdin bakarrik edo familiarekin, domeketan eskalada tailerrari ekingo diogu! Beldurra alde batera, euskaraz mintzatuko gara. Beldurra behera, gora joango gara!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).