Euskara eskutik eskura

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2012ko mai. 31a, 00:00

Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak kanpaina berria jarri du martxan: “Euskara, eskutik eskura”. Ekimenak tabernetan eta dendetan euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta modu egokia ere bada herritarrek erosketak Txorierrin bertan egin ditzatela bultzatzeko.

Kanpainarekin bat egin duten merkatariek eta ostalariek puzzlearen irudia duten esku-orriak banatuko dituzte bezeroen artean. Azken hauek, erosketa bat euskaraz egiten duten bakoitzean, puzzlea betetzeko pegatina-pieza bat eskatu beharko dute. Saltoki bakoitzak puzzlearen pieza mota bakarra edukiko du, eta bezeroak herriko saltoki ezberdinetara joan beharko dira puzzlea osatu ahal izateko. Orotara bederatzi pegatina-pieza eskuratu beharko dira. Puzzlea osatu ostean, esku-orrian eskatzen diren datuak bete, eta hura udaletxeetan atondutako kutxetan sartu beharko dute. Parte-hartzaileen artean euskarazko GPS bat zozketatuko da herri bakoitzean.

Kanpainak ekainaren 25era arte iraungo du eta bezeroek nahi beste puzzle egin ahalko dute. Zozketak hurrengo asteetan egingo dira, eta irabazleen izenak saltokietan ipiniko diren kartelen bidez jakinaraziko dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).