Ekainean, Txorierriko Antzerki Topaketak egin ziren bigarren aldiz, Derioko Gurea Aretoan. Jarduera hori Tximitx euskara elkarteak antolatu zuen, Kurkuluxetan Bilboko antzerki eskolaren laguntzaz.
Topaketetan Kukuke Derioko antzerki eskolako ikasleek eta Kurkuluxetan eskolako ikasleek hartu zuten parte. Aktore gazteek lau lan antzeztu zituzten: Romeo eta Julieta, Bankuaren lapurketa, Itsasoko misterioa eta Edurne zuri, zer zuri!. Gurea aretoan jendetza handia batu zen eta batzuek kanpoan gelditu behar izan zuten leku faltaz. Aipatu beharra dago, antzezlanak euskaraz izan arren, erdaldunak ere joan zirela aretora, eta antzezleen gurasoak, senideak eta lagunak izan zirela ikusleen artean.
Topaketek helburu bikoitza izan zuten: alde batetik, antzerki eskolako ikasleek ikasturte osoan egindako lana jendaurrean erakustea eta, bestetik, Derioko eta Bilboko eskoletako kideek elkarrekin trukatzea euren esperientzia.
Kukuke antzerki eskola aurten jarri da martxan, eta bertan 12 ume aritu dira. Antzerki Topaketak erabat arrakastatsuak izan dira eta, haiei esker, ume asko animatu dira datorren ikasturtean eskolan parte hartzera. Aurrematrikula ekainean izan bazen ere, irailean berriro zabalduko da izen ematea.