Beti izango zara, Zalo!

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 13:03

Ezin dogu sinistu! Oraindik ezin dogu etorkizuna imajinau zu gure artean egon barik, zure planak, zure irria, zure indarra euskal kantak abesten, zure “bua chaval!”, edota “basta ya!”... Egia esan, berba honeek prestaten genbiltzala “baina hau... Zaloaren ardurea zan!” komentaten genduan gure artean. Gure koadrilan bera zan “prentsa arduraduna”, baita bozeroalea be askotan... bere berbakaz eta idazteko trebetasunagaz, berbak eta esaldiak goxotasunez laztanduz... eta hori gitxi bazan, euskeraz! Gure euskera maitean! Hainbeste maite eta hain ondo trataten zeuen gure hizkuntzan. Koadrila Eguna, Tourrera gure osteratxuak, koadrila bazkariak (Santo Bartolomeko paella, Larrabetzuko jaietako bazkaria, Goikoelexaldeko gure marmitakoa, urterik urte hobea zana...), koadrilako nesken barikuetako “batzartxua” aste barruko gorabeherak komentetako eta asteburuaz gozaten hasteko, etorkizuneko planak, bidaiak (Australia zenduan hurrengo helburu, orain dala 15 egun koadrilakoakaz Londresen egon ostean)... Zenbat gauza! Zenbat alaitasun eta momentu polit biziko genduzan zure ondoan! Eta orain... Zin egiten deutsugu egongo dirala, eta inoiz baino gehiago zu gugaz egongo zarala! Halan baino ezin da izan... Gure koadrilaren bizitzea, denporea pasa ahala, tinko mantenduko dan zureganako omenaldia izango da! Asko ikasi dogu zure alboan, asko gozau... Zenbat opari zure ondoan bizitzeko aukerea izan dogunontzat! Gauzak pasino handiagaz egiten zenduzan... Zelako indarra! Hori bai energia! Eta, gainera, benetan barriztagarria... amaitzen ez danetakoa! Aurrera joateko, gauza barriak ikusteko, munduko zirrikitu guztiak ikusteko eta ezagutzeko irrika berezia, kultura, tokiak, hizkuntza... Baina beti zure herria, Euskal Herria eta Larrabetzu, bihotzeko tokirik xarmagarrienean izanda... Lagunok, adibide hori goiburutzat hartuta ekingo deutsagu hemendik aurrera bideari, bai! Hori izango da gure leloa, ...aldapa goratan eta baita bidea erraz bilakatzen danean, eguzki, euri, trumoi... dana dalakoa izandakoa be... hor egongo da! Eta nasai egon daitezan zure lagunak, koadrilakoak, lanekoak, alderdikideak... zure testigua hartu dogu! Eta bidea eregiz egingo dogu aurrera, zu izango zara gure iparrorratza lainoa dagoanean; argia, iluntasunean; animoa, atsekabean; freskotasuna, itoaldietan... bai, zeu izango zara Zalo! Eskerrik asko, Zalo! Eta mila aldiz, eskerrik asko! Emon deuskuzun guztiagaitik eta emongo deuskuzunagaitik... Beti egongo zara gure ondoan, gure koadrilaren ekitaldi guztietan presente, gure bihotzean, gure pentsamentuan, gure eguneroko bizitzan... Eta ziur gagoz zu be beti egongo zarala gugaz, zure indar, kemena, irrika eta alaitasuna gure artean zabalduz... Eta, nasai! Zure testigua eskuetan tinko hartu eta aurrera jarraituko dogu zuzen eta alai, Zuk egingo zendukean moduan! Guk zainduko doguz zure euskera maitea, Larrabetzu, gure aberria, Euskal Herria... zuk hain barnean zenduzanak... Ez arduratu, zuk zabaldutako bideari jarraituko deutsagu! Eta beti izango gara zure koadrila! Bihotz-bihotzez, mosu handi bat! Koadrilakoak Zaloaren omenez Zaloa Jaka Aikor! aldizkariaren kolaboratzaileak joan dan hilean itxi ginduzan, ustekabean eta oraindik oso gaztea zala, gazteegia. Lerro honeek irakurtzen zabilzen orrialdeotan Zaloaren berbak irakurri dozuez askotan, pil-pilean egozan han eta hemengo gaiak zorroztasunez eta abileziaz aztertuz. Zaloa ez da gurean berriro azalduko, baina bere berbak, irribarrea, jarrera positiboa eta izaera, Zaloa bera, aldizkari honen parte izango dira betiko. Lagunek eta senideek omenaldi hunkigarria egin eben apirilean Zaloaren omenez, Larrabetzun, bere herrian. Ekitaldian jentetza batu ginan, 150 lagun dinoe; jente askok maite zaitu Zaloa, ez da harritzekoa. Aikor! aldizkarian be omenaldi xumea egin gura deutsugu, eta lerro honeek eskaini. Berbak sobran dagoz batzuetan, baina gure beharra eta zurea komuniketea da, eta barruan dagoana zabaltzeko beharra dogu. Zagozan tokian zagozala, ez adiorik! Telefonoa hartu eta “Aupa, Aikor!” esaten zeunskun irribarrez. Beti, erantzun alai hori. Beti, jarrera ona. Behin baino gehiagotan lagundu deuskuzu: bai testuren bat idatzi behar zanean, bai Aikorlagun kanpainea zabaldu genduanean. Kolaboratzaileak eta aikorlagunak: hareek dira AIKOR! aldizkariaren inguruan dagoan giza sarea osatzen dabenak, gure funtsa, eta zu hareetako bat zinan, hareetako bat zara. Euskereagaz eta euskalgintzeagaz izan dozun atxikimendua itzela izan da beti. Eta igarri-igarrian dago hori zure artikuluetan. Zeure beharra politikeagaz lotuta egon arren, danetariko gaiak jorratu dozuz zeure testuetan: gizarte zein kirol arlokoak; hemengoak nahiz kanpokoak. Euskera txukuna erabiliz, ikuspegi alai eta argitsu batetik emon deuskuzu errealidadearen barri. Zaloa, joan zara, baina gogoan izango zaitugu beti, eta geure orrialdeotan egongo zara betiko. “Aupa Aikor!” erantzuten zenduan irribarrez. Aupa Zaloa! Aikor! aldizkariko langileak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).