Urteroko legez, urriaren hirugarren asteburuan Larrabetzuko baserritarrek plazea kolorez, usainez eta zaporez beteko dabe, hamazazpigarrenez egiten dan azokan. Gurpide Elkarteak antolatuta Larrabetzuko Udalaren eta Jata Ondo LGEren laguntzagaz, aurtengo ekitaldian 18 baserrik euren eskaintza zabala plazaratuko dabe: txakolina, gaztai mota ezbardinak, barazkiak eta frutak, arrautzak, barraskiloak, pastea, ogia eta opilak, eztia, landarak, egurgintzea... Urriaren 18an, domekaz, goizeko 11:00tatik 15:00ak arte produktu guzti horreek ezagutu, probau eta erosteko aukera aparta egongo da. Herriko trikitilariek eta talogileek, beste behin, eguna girotuko dabe.
Aurten, ganera, Gurpidek azoka aprobetxau gura dau herritarrei aurkezteko Larrabetzun agroekologia eta elikadura burujabetza lantzeko prestaten dabilen proiektua. Izan be, gaion inguruan ekimen ezbardinak indartu dira Larrabetzun: eskolako jantokia eta konpostajearen proiektua dira adibide nagusiak. Aldi berean, azkenengo urteetan gazte asko hurbildu dira herrira baserritik bizitzeko asmoagaz, baina arazo handi batekin topau dira: lurra lortzeko zailtasuna. Larrabetzun nekazaritzarako aproposa dan lur asko erabilera barik dagoala jakitun, Gurpideren asmoa da lurrak itxi edota alokatzeko interesa daukien lurjaubeakaz eta lur horreek erabilteko interesa daukien gazteakaz bitartekaritza lanak egitea. Osagai guzti horreekaz, lurragaz, jantokiagaz eta konpostajeagaz, proiektu integrala osatu gura dau Gurpidek, herritarren parte hartzea bilatuta.
Jakoba Errekondoren liburu aurkezpena eta solasaldia
Larrabetzun urria nekazaritzagaz lotutako hilabetea izan ohi danez, hilaren 6rako ekitaldi berezia antolatu nahi izan dau Elkarteak, Jakoba Errekondo irrati esatari famatuaren liburu aurkezpena lotuz. Errekondo aditua da ortugintzan eta lorezaintzan, eredu ekologikoari jagokonez bereziki. Hortaz, urriaren 6an beragaz aurrez aurre solastatzeko aukera aparta izango da Angulerin arratsaldeko 7tatik aurrera. Azkenik, hilaren 13an, mahaingurua egingo da eta bertan herriko baserritarrek hartuko dabe parte.