Herrilan eta zuzkiduretan radiata pinuaren zura erabiltzeko konpromisoa hartu du Larrabetzuk

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 3a, 18:07

Euskadiko Basogintza-Elkarteen Konfederakundetik jakinarazi duten bezala, Larrabetzuko Udalak bere gain hartu du herrilan eta zuzkiduretan ziurtatutako radiata pinuaren zuraren erabilera sustatzeko konpromisoa. Karrantza, Zeanuri eta Muxikako Udalek ere konpromiso hori hartu dute. Horrela, Bizkaiko lau Udalek bat egin dute Orozkok joan den urrian abiarazitako ekimenarekin. Bost udalerriok herrilanetan ziurtatutako zura erabiltzearen aldeko jarrera berenganatu duten lehenak dira, baina neurri honek jarraipena izango du datozen hilabeteotan, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Euskadiko Zuraren Sektore-Arteko Mahaiak alor honi buruz sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren haritik. Udal akordio horiek Euskadiko udal korporazioek kontratatu, sustatu edo zuzen-zuzenean bideratutako herrilanetan ziurtatutako radiata pinuaren zuraren erabilera bultzatzea dute helburu. Etorkizuneko eraikuntzetan, beraz, osotasunean nahiz zatika zura mota hori erabiltzea ezinbesteko betebeharra izan daiteke lanak adjudikatzeko orduan. Radiata pinua sustatzearen aldeko argudioaren artean, abantaila ekologikoak eta pinu-oihanzaintzak Autonomia Erkidegoan duen eragin ekonomikoa nabarmen daitezke. Zura osagai biodegradagarria eta birziklagarria da, eta altzairuak, aluminioak, plastikoak eta porlanak baino energia erabilera arinagoa behar du. Era berean, klima-aldaketa geldiarazten laguntzen du, CO2 xurgatuz. Beste alde batetik, zuraren eta gainerako baso-deribatuen ziurtapenak iraunkortasun irizpideen arabera kudeatutako basoetan sortutakoak direla bermatzen du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).