Hogeita bi koadrilek bat egin dute Larrabetzuko Koadrilen Egunean

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 11a, 09:17

Argazkiak: Jose Miguel Jauregi

Maiatzean II. Koadrila Eguna ospatu zen Larrabetzun. Koadrila Eguna uriko gazteen iniziatiba izan da eta hainbat lagunek parte hartu dute antolatze lanetan. Aurreko edizioa erabat arrakastatsua izan zen eta aurtengoan ere uritarrek ederki erantzun dute, izan ere, sei urtetik 60 urtera bitarteko lagunek osatutako 22 koadrilek bat egin dute ekimenarekin. “Gauza xume batek elkar gaitzakeela erakusten da hori bezalako ekimenen bitartez. Oso giro ederra egon da kalean eta ekitaldian jendetza handiak parte hartu du; ideologia ezberdinetakoak, gainera. Larrabetzun, zorionez, halako ekintzak oso arrakastatsuak izaten dira eta jendea gogoz aritzen da”, esan digute. Koadrila Egunean hurrengo ekitaldiak antolatu zituzten: txistulariak, tortilla txapelketa, bazkaria (koadrila bakoitzak berea egin behar zuen), olinpiadak eta erromeria Hori Baien. Horrezaz gainera, otzaran bat zozketatu zuten. Olinpiadak ‘Karrozak’ koadrilak irabazi zituen eta saritzat zapi bi eman zizkieten. Zapiok iazko olinpiadak irabazi zituen koadrilari eman zizkiotenak dira eta ‘Karrozak’-koek ere datorren urteko irabazleei eman beharko dizkiete, lekukoa izango balitz bezala. Antolatzaileek ez dute dirulaguntzarik izan ekitaldiak antolatzeko. Dirua bere poltsikotik jarri du koadrila bakoitzak eta zozketa bat ere egin dute, dirua lortzeko. “Agerian utzi da dirua ez dela beharrezkoa, gauza polit eta majo bat antolatzeko. Jendea festa egitera animatzen denean, nahikoa da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).