Gaztetxeen eta gazte asanbladen lana kalera aterako du Gazte Egunak

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 23a, 11:11

Uztailaren 28an, zapatuz, Larrabetzuko Gazte Eguna izango da Hori Bairen eskutik. Egun horretan ekitaldi sorta zabala egongo da urian: murala margotzea, bazkaria, olinpiadak eta kontzertuak, besteak beste. Horrezaz gainera, trikipoteoa, erromeria eta bazkaria egingo dituzte uztailaren 31an, San Ignazio Egunean. Gazte Egunaren aurtengo edizioan Hori Baikoek Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladek auzo zein herrietan egiten duten lana kalera atera nahi dute. “Izan ere, egunerokotasunean gure mugimenduaren kontrako errepresioa areagotuz doa. Modu inkoherentean ezartzen dizkiguten isun, utzarazte eta oztopoak horren adibideak dira, baita gaztetxeen eta gazte asanbladen alde lan egiten duten gazteen aurkako espetxe zigorrak ere”. Gazteek azaldu duten moduan, tinko eta gogor eusten diote egoera horri eta, horregatik, herriarekin batera hazten jarraitzen dute, okupazioa, asanblada eta autogestioaren bidez euren ideiak eta gogoak garatuz. “Beraz, aurtengo Gazte Egunean euskal gazteria antolatuta dagoela erakutsi nahi dugu. Egun hori inoiz baino biziago ospatzeko premia dugu eta deialdi zabala luzatzen diegu Euskal Herriko gazteei, ekitaldi hauetan guztietan denok parte har dezagun”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).