Nobedadeak Olarreta eskupilota eskolan

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 18a, 12:00

Larrabetzuko Olarreta eskupilota eskolako lagunak irailean hasi ziren entrenamenduekin. Eskolak berrikuntza handiak ekarri dizkie pilotari gazteei ikasturte honetan. Horrela, Uritarrak Futbol Taldekoekin adostu, eta entrenamenduak egokitu dituzte mutikoak ekintza bietara joan daitezen. Era berean, entrenamenduen estruktura aldatu, eta lau entrenatzaile jarri dituzte. Asier Bengoetxea benjaminekin aritzen da eta Asegarceko Iñigo Leizak kimuak entrenatzen ditu. Haurrek Endika Kantxorekin entrenatzen dute, eta kadeteek zein gazteek, Joseba Intxaurragarekin. Eskolan 30 bat pilotari daude. Beste alde batetik, Larrabetzun neskei zuzendutako kirol eskaintza handirik ez dagoela azaldu digute, eta, horregatik, pala ikastaroa martxan jarri dute aurten. Ikastaroan 6 urtetik 15 urtera bitarteko 18 neskek eman dute izena. Eskolak entrenatzailea jarri eta materiala uzten die. Ikastaroak hasi badira ere, urte osoan zehar nahi duena elkartearekin harreman jar daiteke, pilota munduan hasteko.