Bihotz Bakartien Klubak ‘Katamalo’ aurkeztu du Durangon

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 12a, 15:37

Argazkia: Urko Lasarte

Larrabetzuko Bihotz Bakartien Klubak Katamalo lanaren liburua eta diskoa aurkeztu ditu Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren barruan. Katamalo Gotzon Barandiaranek idatzitako olerkietan oinarritutako musika ikuskizuna da. Zuzeneko emanaldietan eskaintzen dituzten abestietatik zazpi estudioan grabatu, eta CD batean batu dituzte. Diskoa GOR diskoetxeak kaleratu du. Beste alde batetik, Barandiaranen olerkiak Katamalo liburuan argitaratu ditu Susa argitaletxeak. Hori larrabetzuarren bigarren lana da, 2004. urtean Arrakalak poesia-liburua kaleratu zuen-eta. Katamaloa besteen aurrean janzten dugun maskara da eta hori, hain zuzen ere, abiapuntutzat hartu du Gotzonek poemak idazteko orduan. Aurkezpena San Agustin Aretoan egin zuten abenduaren 8an eta bertan 140 bat lagun batu ziren. Larrabetzuarrek Katamalo lanaren tema batzuk eskaini zizkioten publikoari, eta eurekin batera Jose Luis Otamendi idazlea eta Bide Ertzean taldeko Imanol eta Joni Ubeda ere izan ziren. Otamendik Erlojuen mekanika liburuaren poemak irakurri zituen eta Ubeda anaiek azken horrek idatzitako Badator Eguna abestia interpretatu zuten. Bihotz Bakartien Klubekoek plazaz plaza dabiltza Katamalo lana aurkezten. Datak eta ikuskizunaren informazio guztia www.katamalo.org webgunean kontsulta daitezke. Larrabetzun, urtarrilaren 3an izango dira gaueko 9etan Hori Bai gaztetxean.