Arrekikili euskara elkarteak ‘Gureak kantetan’ ekimena antolatu du Topagunea euskara elkarteen federazioarekin batera. ‘Gureak kantetan’ ekimena kontzertu-zikloa da, eta musika emanaldiak ekainaren zehar egingo dituzte.
Ekainaren 6an, barikuz, Petti kantautoreak kontzertua eskainiko du gaueko 10etatik aurrera Anguleri Larrabetzuko Kultura Etxearen aurreko anfiteatroan. Jone abeslari gaztea ekainaren 15ean, domekaz, arituko da iluntzeko 8etan Hori Bai gaztetxean, eta Maixak ekainaren 20an, barikuz, eskainiko du kontzertua gaueko 10etik aurrera Anguleriko anfiteatroan. Txuma Murugarren kantautoreak amaiera emango dio kontzertu-zikloari. Horren saioa ekainaren 26an, eguenaz, izango da iluntzeko 8etan Hori Bai gaztetxean.
Aipatu dugun moduan, Petti eta Maixaren kontzertuak Kultura Etxearen aurreko anfiteatroan egingo dira; hala ere, euria izanez gero, eraikinaren barruan izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Literaturaz berbetan
Beste alde batetik, hitzaldi bi antolatu ditu Arrekikilik ‘Literaturaz berbetan’ ekimenaren inguruan. Iñigo Aranbarrik Zulo bat uretan eleberria aurkeztuko du maiatzaren 28an, eguaztenaz, arratsaldeko 8etan Angulerin. Castillo Suarezek Souvenir poema liburuari buruzko berbaldia emango du ekainaren 19an, eguenaz, arratsaldeko 8etan. Azken hitzaldi hori ere Angulerin izango da.