Burdinazko Gerrikoaren aztarnak ikertzen dabil Sancho de Beurko elkartea

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 23a, 12:36

Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzak Burdinazko Gerrikoaren gotorlekuak eta planimetria ikertu eta katalogatzeko enkargua eman dio Sancho de Beurko elkarteari. Beharrak aurten hasi dira, eta landa-lanez gainera, gotorlekuen eta lubakien inbentarioa egin dute. Artxiboak ere bisitatu egin dituzte. Sancho de Beurko elkartekoek nahiko aurreratuta dute gotorlekuen katalogoa eta, azaldu duten moduan, tipologia anitza topatu egin da: metrailadore-habiak, morteroen kokalekuak, mota ezberdinetako aterpeak eta babeslekuak... Urte honetan aurreikusitako lanak Sopelan hasi eta Larrabetzun amaituko dituzte. Proiektuak Burdinazko Gerrikoaren aztarnen egoera ezagutzeko plano-gida osatzea du helburu. Hori lagungarria izango da Gerrikoa zelan zaindu aztertzeko orduan. Euskadiko Gobernuak Burdinazko Gerrikoa altxatzeko agindua eman zuen 1936. urtean, tropa frankistek aurrera egitea eragozteko eta Bilbo eta inguruko herriak babesteko.