BBK-k katamaloa erantziko du betiko

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 11a, 14:41

Larrabetzuko Bihotz Bakartien Klubak (BBK) Katamalo lana aurkeztu zuen 2006. urteko abenduan. Lana Gotzon Barandiaranek idatzitako olerkietan oinarritutako musika ikuskizuna da, eta ardatz nagusia besteen aurrean janzten dugun maskara du; hau da, katamaloa. Ikuskizuna hainbat txokotara eraman dute harrezkero, eta eszenatoki gainean katamaloa erazten joan dira apurka-apurka. Baina maskara behin betiko kentzeko ordua ailegatu da, eta hori azaroaren 1ean egingo dute. BBk-ko lagunek ERANTZI katamaloa zuzenean diskoa grabatu zuten ekainean Gernikako Lizeo antzokian, eta bertan urte bi honetan zuzenean eskaini dutena erakutsi nahi izan dute. Katamalo diskoko zazpi kantu eta poemez gainera, beste 14 kantu eta poema berrik osatzen dute lana; 21, guztira. Disko eta azken kontzertuen aurkezpena irailaren 18an egingo dute eguerdiko 12etatik aurrera Bilboko Kafe Antzokian. Larrabetzuko taldeak emango dituen azken kontzertuak hauek izango dira: - irailaren 25ean, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. - Urriaren 2an, 20:00etan, Urtuellako Gorbea Aretoan. - Urriaren 9an, 21:30ean, Gasteizko gaztetxean. - Urriaren 16an, 20:00etan, Iruñako Gurutzeko Plazako Institutuen Aretoan. - Urriaren 22an, 20:30ean, Donostiako Gaztescenan. - Azaroaren 1ean, 22:00etan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. “Eskerrik asko etxekoei, lagunei, etsaiei, ezagunei, ezezagunei, zuenera gonbidatu gaituzuen antolatzaileei, gure emanaldietara hurreratu zareten guztiei, gure diskoa entzun eta liburua irakurri duzuenoi, gure emanaldien berri iragarri duzuenoi... Bitartean, Bihotz Bakartien Klubeko atzeko ateak zabalik dirau”.