Azaroaren 26an aldibereko atentatuak izan ziran Bonbaiko hainbat tokitan: tren geltokian, hotel batzuetan, jatetxe batean eta hiriko hegoaldean dagoen polizia-etxean, besteak beste. Erasoaldietan 200 pertsona inguru hil ziren eta 350 lagundik gora zauritu ziren. Nazionalitate ezberdinetako turistak ere izan ziren biktimen artean.
Jaione Atxutegi eta Karmelo Bilbao Larrabetzuko senar-emazteak atentatuen lekukoak izan ziren. Berria egunkariari kontatu dioten moduan, Oberoi hotelera joan ziren afaltzera eta jaten hasterakoan entzun zituzten tiroak eurengandik gertu. “Sukaldean sartu ginen, ez genekien norantz joan. Batzuek beherantz eta guk gorantz. Laugarren solairura igo ginen eta tiro hotsak behetik eta goitik entzuten genituenâ€.
Ondoren, hotelean behera egin eta igerilekura joan ziren. Bertatik ere itzelezko leherketak izan ziren. Erasoaldia hasi eta ordu erdira elkartu ziren hoteleko langileekin. Kalera atera ziren, baina hotelera itzuli behar izan zuten tiroak direla-eta. “Jendea oso izututa zegoen. Oso txarto pasatu genuenâ€.
Berria egunkarian azaldutakoaren arabera, aterpea aparkaleku baten atarian topatu zuten azkenean eta handik bulego batera joan ziren. Hurrengo goizean beste auzo batean bizi diren lagunekin bildu ziren. “Beldur itzela pasatu dugu. Trident hoteletik 50 metrora egon gara gau osoan. Kalean soldatuak ikusten ziren, baina telebistak jakinarazten zuen setiotik urrunago, 200 edo 300 metrotaraâ€.
Larrabetzuarrek Radio Euskadin ere egin zituzten adierazpenak. “Tiroka hasi zitzaizkigun, zerbitzari bat zauritu zuten. Eskaileretatik hasi ginen korrika, tiroka jarraitu ziguten. Beste mutil bat erori zen eta ondoren suak hartu gintuenâ€.
Atxutegi eta Bilbao azaroaren 28an ailegatu ziren Torrejon de Ardozeko hegazkin-basera, eta handik etxera etorri ziren.