Literatura-ekitaldiak, Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 15a, 13:51

Gorka Arrese SUSA argitaletxeko editoreak hitzaldia emango du Larrabetzun urtarrilaren 17an eta bertan Liburua: aurrea eta ostea izango dute hizpide. Saioa Literatura Eskolaren ekitaldien barruan dago, eta goizeko 10etatik aurrera izango da Anguleri kultura etxean. Bazkaldu ostean tertulia egingo dute. Arresek parte-hartzaileek liburu bi eramatea eskatu du: bata, euskaraz; eta bestea, erdaraz. Beste alde batetik, Kirmen Uribe idazleak Bilbao-New York-Bilbao liburua aurkeztuko du urtarrilaren 22an, arratsaldeko 8etan, kultura etxean. Ekitaldi biak Arrekikili euskara elkarteak antolatu ditu.