Seme-alaben heziketaren gaineko hitzaldia eta kurtsoa, Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2009ko api. 14a, 11:33

“Ume baten arima zaintzea erabakitzen duen helduari, aspalditik bizi gabeko poztasuna berreskuratzeko aukera eskaintzen dio bizitzak. Horretarako, zaintzaileak bere arimarekin bat egitea gauzarik garrantzitsuena da, soilik horrela lortuko baitu umerenarekin konektatzea”. Hala dio Cristobal Gutiérrez hezitzaileak. Gutiérrezek “Maitasuna eta mugak” hitzaldia emango du maiatzaren 15ean, arratsaldeko 7,30ean, Anguleri Larrabetzuko Kultura Etxean. Horrezaz gainera, maiatzaren 16an eta 17an ikastaro bat egingo da umearen arimaren zaintzan sakondu nahi dutenentzat. Ikastaro hori gurasoei, hezitzaileei eta terapeutei dago zuzenduta. Parte-hartzaileek hausnarketa egingo dute euren buruaren gainean, eta kezkak-eta besteen aurrean azalduko dituzte. Helburua hau da: pertsonak berak osotasunean bizi izaten laguntzen dion konponbidea topatzea. Ikastaroa Larrabetzuko eskolan izango da eta 12 ordu iraungo du: zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19.30era; eta domekan, 10:00tik 14:00etara. Izena ematea maiatzaren 9a baino lehenago egiten bada, 110 euro ordaindu beharko da; 200 euro, bikotea apuntatzen bada. Egun horretatik aurrera, berriz, ikastaroak 130 euro balio izango du; 240 euro, bikoteentzat. Informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, mezua bidal daiteke helbide elektroniko honetara: caibilbao@gmail.com; edo telefono zenbaki honetara deitu: 94 455 89 40 (Angela Menica).