Bizkargira, korrika

Aikor aldizkaria 2009ko api. 24a, 14:13

Maiatzaren 3an, domekaz, Bizkargi Eguna izango da eta aurreko edizioetan bezala, Hori Bai gaztetxeak deia luzatu die herritarrei, mendira elkarrekin igo daitezen. Hitzordua goizeko 9:30ean jarri dute, plazan. Eguerdiko ordu batetan ekitaldia izango da Bizkargi mendian, atzo eta gaurko gudarien omenez, eta arratsaldeko 7:30etik aurrera manifestazioa eta erromeria egingo dira Larrabetzun. Beste alde batetik, herriko lasterkari batzuk aurreko egunean, eguerdiko 12etan, batuko dira Bizkargira korrika igotzeko. Ekimen hau hirugarren aldiz egingo dute aurten, eta helburu hau du: “Larrabetzuko korrikalariak eta lagunak batu, eta tarte atsegina pasatzea elkarrekin. Izan ere, korrika egin ostean pote batzuk hartu eta bazkaltzera joango gara, ziur asko”. Ekimen honetan adin ezberdinetako 25 lagun inguru batzen dira; gizonezkoak, guztiak. Egon badaude Larrabetzun emakume korrikalariak, baina gaur egun arte ez dira animatu ekitaldian parte hartzera. “Ahaleginak egingo ditugu, ea aurten baten bat animatzea lortzen dugun”. Koadrilen jaia Larrabetzuarrek beste hitzordu bat izango dute maiatzean, izan ere, hilaren 16an Koadrila Eguna ospatuko dute. Egunean zehar hainbat ekitaldi egongo dira herrian; euren artean, hauek aipa daitezke: kalejira, tortilla txapelketa, herri-bazkaria eta erromeria, Hori Bai gaztetxean