<i>Nur</i> bildumaren bigarren liburua kaleratu du Toti Mtz de Lezeak

Aikor aldizkaria 2009ko api. 24a, 14:19

Toti Martinez de Lezea Larrabetzuko idazleak Nur eta oihan misteriotsua gaztetxoei zuzendutako liburua argitaratu berri du. Liburua Nur bildumaren bigarren alea da, eta oraingo honetan, protagonistak abentura izugarria bizi izango du aitita-amamaren etxean lagunekin batera. “Fantasiazko istorioa da, baina errealitatean kokatzen dena; hau da, umeen irudimenean oinarritzen dena”. Nur ilobarentzat idatzitako liburu-saila da, “heldua denean hainbat gauza eta bizipen gogora ditzan eta aitita-amamarengandik oroipen bat izan dezan”. Nur jaio zenean, berarentzat liburua idazteko eskatu zion behin baino gehiagotan alabak, eta idazleak orain topatu du momentua: “Iloba erreferentziatzat dut eta orain badakit gaztetxoek nola pentsatzen duten, nola hitz egiten duten, zer gustatzen zaien...”. Toti familia eta lagunengan oinarritu da istoriaren pertsonaiak sortzeko orduan. Liburuarekin batera, lupatxo bat oparituko da, izan ere, liburuaren orrialde guztietan pertsonaia txiki-txiki bat agertuko da eta irakurleek non dagoen deskubritu beharko dute. “Istorioaren bitartez ez ezik pertsonaia eta kuriositatearen bitartez ere bai gaztetxoak erakartzea da asmoa”. Liburua euskaraz zein gaztelaniaz kaleratuko da. Webgunea Horrezaz gainera, euskarazko webgune bat sortu dute:www.nurplaneta.com. Antzara-joko antzeko joko batean Nurrek hainbat proba gaindi beharko ditu: letra-zopa, galderak, labirintoa... Jokalariak puntu-kopuru zehatz bat lortzen duenean, argitaletxera deitu ahal izango du, opariak eskuratzeko. Beste alde batetik, Larrabetzuko idazleak Perlas para un collar liburua kaleratuko du maiatzean. Liburua Angeles de Irisarri idazlearekin batera idatzi du eta bertan emakume judutar, kristau eta musulmanen istorioak bildu dituzte. Azkenik, aipatu behar da Erein editorialak sakelako liburuko edizioan argitaratu dituela Totiren hiru liburu: Judu-kalea, Kattalin eta Ogaiztarrak.