Uztailaren 18an motorzaleen kontzentrazioa egingo da lehenengo aldiz Larrabetzun. Ekitaldia Xaker Kirol Zerbitzuak eta Larrabetzu Racing elkarteak antolatu dute. Kontzentrazioan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute goizeko 11etan herriko frontoian.
Goizean ibilalditxoa egingo dute kostaldetik. Larrabetzura itzuli eta tragoxka batzuk hartuko dituzte herriko tabernetatik. Bazkaria eguerdiko 3etan egingo dute eta hori Patxi Larruzea sukaldaritzak prestatuko du. Arratsaldean kontzertua eta Dj-a egongo dira eta goizaldeko 2etan emakume- zein gizonen-striptease izango da. Ekitaldiak plazan egingo dituzte, eta Larrabetzu Racing elkarteak txosna bat jarriko du han. Elkartea duela gutxi sortu da eta txosna horretan bere jardueraren berri emango dute. Horrezaz gainera, kontzentrazioan parte hartzen duten motorrak jarriko dituzte ikusgai. Besteak beste, motor klasikoak, modernoak eta kroseko motorrak ikusteko aukera egongo da plazan.
Larrabetzu herri txikia da, baina antolatzaileek azaldu diguten moduan, herrian asko dira motorretarako zaletasun handia dutenak. Motorzaleen kontzentrazioa antolatzea aspalditik buruan eduki duten ideia da. Berria ahoz aho zabaldu da, eta Larrabetzun 100 motorzale inguru batzea espero dute. Motorzaleak Txorierritik ez ezik Bizkaiko beste herri batzuetatik ere etor litezke.