Joan den abenduan 30 urte bete ziren Larrabetzuko lehen bariantea egiteko baimena eman zenetik. Izan ere, orain soilik oinezkoentzat den Andra Mari kalea, aspaldian eta denbora luzez (100 urte baino gehiago), kamino bakarra zen kotxeek zein kamioiek eta trailerrek Txorierri zeharkatzeko. Kale nagusia izanik, arazo eta istripu ugari sortzen ziren egun batean bai eta bestean ere bai, hori bide bakarra baitzen bertako umeak, helduak eta nagusiak eskolara eta plazara joateko, edo herritik ibili ahal izateko. Orduan semafororik ere ez zegoen, eta kale estu horretatik mota guztietako ibilgailuak pilatzen ziren sarri askotan. Denbora luzez ez atzera eta ez aurrera egoten ziren, herria behin eta berriz asaldatzen.
Beste bide bat egiteko beharrizana aurreikusi zen, baina lanak ez ziren inoiz hasten, Udalak ere hala eskatu arren. 1975. urtean, Herri Elkartasunak, hango familien elkarteak, trafikoa desbideratzeko komisioa sortu zuen, arazoari konponbidea emateko asmoz. Eta baita lortu ere. Bizilagunek antolatu zituzten hainbat batzar eta ekintzei esker, besteak beste, banan-banan eta txandaka egiten ziren trafiko kopuruaren neurketak.
Otsailaren 11tik 26ra bitartean, arratsaldeko lauetatik zortzietara, erakusketa egingo da Anguleri Larrabetzuko Kultur Etxean, eta bertan aukera izango dugu prozesu honi buruzko informazio, argazki eta bitxikeria ugari ezagutzeko. Han izango dugu herriko lagunen gorabehera eta lorpenen berri; bost urte luzez elkarlanean egindako lanaren emaitza.