Kultur eskaintza zabala egin du Hori Baik azaroan

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:54

Azaroa mugimendu handiko hilabetea izan da Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean. Kultur ekitaldi sorta zabala eskaini diete bertan herritarrei, eta gaztetxean jende piloa batu da. Horrela, bada, Mikel Urdangarin eta Anari abeslariek kontzertua eman zuten, eta Gotzon Barandiaranek argitaratu berri duen Errotik liburua aurkeztu egin zuen. Era berean, Munstroa lana antzeztu zen gaztetxean eta Sagarren denbora dokumentala eman zen. Hori Baitik azaldu duten bezala, ekimenok ikasturte berriari hasiera emateko antolatu dituzte. “Herritarrei aisialdirako eskaintza eman behar diegula hausnartu dugu, eta hori eskaintza handia izan behar dela. Gainera, herriko jende ezberdina erakarri nahi dugu eta horregatik azaroan antolatutako ekitaldiak ere ezberdinak izan dira”. Helburua bete dute. Ekintzek arrakasta haundia izan dute eta ekimen bakoitzean jendetza batu da. “Jendea gogoz geratu dela iruditu zaigu, halako gauza gehiago egitera animatu gaituztelako. Ekitaldiak aurrera ateratzeko Hori Baik egiten duen ahalegina larrabetzuarrek eskertzen dutela esango genuke”. Elkarlana Ikusminik handiena sortu zuen ekintza Gotzon Barandiaranen Errotik liburuaren aurkezpena izan zen. “Ez zen aurkezpen hutsa egin. Euskaldunan beharrean ibili ziren lagun bik garai hartako hainbat bizipen kontatu zituzten, eta Kukubiltxokoek liburuko atal baten irakurketa dramatizatua egin zuten. Unai Iturriaga eta Etxahun Lekue bertsotan aritu ziren eta zuzeneko musika ere entzun genuen”. Etorkizunean ere azaroa bezalako hilabeteak antolatzeko asmoa dute Hori Baikoek. Horren haritik elkarlanean hasi dira herriko beste elkarte batzuekin (Txinpasmendi, Gurpide...) eta norbanakoekin. “Helburu nagusia guztion artean ekintza ezberdinak antolatzea da, eta hemendik aurrera Larrabetzun kultur mugimendu sendoagoa igarriko dela uste dugu. Herri txikia da gurea, eta beharrezkoak ikusten ditugu elkarteen arteko harremana eta elkarlana”.