TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Itzarri aholkularitza enpresak liburu bi aurkeztu dituzte Durangoko Azokan: Futbola, oinarritik euskaraz eta Benjamin eta aurre-benjaminen futbol entrenamenduaren urteko plangintza. Bigarren liburuan Kirolplaning enpresak ere hartu du parte. Lanek futbolean euskara bultzatzea dute helburu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Txorierriko Mankomunitateak babestu dituzte.
Liburuen aurkezpena abenduaren 3an egin zen Landako elkartegian. Bertan parte hartu zuten: Xabier Goienetxek, TOTOANeko presidenteak; Koikili Lertxundik, Athleticeko jokalaria eta Itzarriko ordezkariak; Mikel Aranburuk, Errealeko kapitainak; eta Asier Landak, Kirolplaning enpresaren ordezkariak eta bigarren liburuaren egileetariko batek.
TOTOAN, Itzarri eta Kirolplaning-eko ordezkariak pozik azaldu dira liburuek izan duten oihartzun eta harrera onarekin. Izan ere, ikusmin handia sortu dute bisitarien artean eta biak Azokako libururik salduenetarikoen artean egon dira.
Beste alde batetik, Toti Martinez de Lezea eta Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuarrek ere lan berriak eraman dituzte Durangoko Azokara. Totik Nur eta magia kanpamendua gaztetxoen liburua eraman zuen; eta Barandiaranek, Errotik eleberria. Lan bi horiek ere Azokako salduenetarikoak izan dira.
Bizia eta ona
Gerediaga elkarteak balorazioa egin du Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 45. edizioari buruz. Nerea Mujika elkarteko presidentearen esanetan, aurtengo azoka bizia eta ona izan da. Azokaren ezaugarri nagusia galdu barik, ekimen berriek ere lekua finkatu dutela esan du. Ahotsenea, Haur Literatura Aretoa, aurkezpenetarako aretoa edota Azoka TB jarri ditu horren adibide.
Bisitari eta salmenta kopuruari dagokionez, gorabeheratsua izan dela aipatu du. “Abenduaren 6koa izan zen egunik jendetsuena eta salmentarik gehien ere egun horretan egin ziren. Orokorrean aurreko urteetako kopuruari eutsi dio azokak, eta salmentak ere onak izan diraâ€.