Frantziako poliziak Endika Pérez larrabetzuarra atxilotu zuen atzo Basusarritik hurbil, Espainiako Justiziak emandako euroaginduak eta lagunen atxiloketak salatzeko prentsaurreko batean parte hartu ostean. Larrabetzuarraren atxiloketarekin, zazpi dira jada eroaginduen ondorioz atxilotutako gazteak. Polizia Nazionalak hainbat gazte atxilotu zituen joan den urteko urrian, Segi erakundeko ustezko kideen aurkako operazio batean. Baina Endikak eta beste zazpi gaztek ihes egitea lortu zuten.
Gara eta Berria egunkarien iturrien arabera, larrabetzuarren atxiloketa oso bortitza izan da. "Hiru minutuko kontua izan da, oso-oso bortitza. Auto bat aintzinaratu da. Guk poliziei lasaitzeko eskatu diegu, baina eurek armak erakutsiz erantzun digute. Mehatxu egin digute pistolekin. Autoari kolpeka hasi dira, eta ateratzeko esan digute; baina kolpeka ari zirenez ezin genuen atera. Gerrikoak jarrita genituen, gainera. Beirak hautsi dituzte, eta odola ere egin digute; praketan, berokietan dauzkagu odol tantak. Endika Perez gaztea gerritik heldu eta hautetsien gainetik atera dute autotik. Lurrean ezarri eta eskuak lotu dizkioteâ€, kontatu dio Lutxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsiak Berria.infori, zeina Endika zegoen autoan baitzihoan.
Beste alde batetik, larrabetzutik.org webgunean irakurri dugun bezala, atzo, arratsaldeko 7etan, 80 lagun bildu ziren herriko plazan, Endikari elkartasuna adierazteko eta atxiloketen kontra protestatzeko. Webgunean adierazitakoaren arabera, arratsalde osoan Ertzaintza bueltaka ibili zen herritik. Manifestazioa egin zen eta hori plazan amaitu zen. Ertzainak plazan agertu ziren eta hiru lagun identifikatu zituzten.