Larrabetzufest, Garagardoaren Txorierriko jaialdia

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 4a, 14:27

Oktoberfest Garagardoaren Alemaniako Jaialdia ezaguna da mundu osoan, baina gurean ere garagardo-uholdea egongo da maiatzaren 28an. Jaialdia Larrabetzun egingo da eta tabernetako garagardo-txorrotak egun osoan zehar egongo dira zabalik. Larrabetzufest ekimena Patxi S.koop.-k eta Andra Mari kaleko tabernariek antolatu dute eta, azaldu digutenaren arabera, hark herria girotzea du helburu. Jaialdia iaz egin zuten lehenengo aldiz, proba moduan, eta arrakastatsua izan zenez, aurten ere erabaki dute egitea. Kañen eta kañen artean, sorpresak ere egongo dira. Horrela, bezeroek Mahou markako kaña bat eskatzen duten bakoitzean, zenbaki bat jasoko dute zozketa batean parte hartzeko. Irabazleak bi lagunentzako menu berezia, Azurmendi jatetxean, jasoko du saritzat. Era berean, gaueko 9etatik ordu batera arte eskaintza berezia egingo dute tabernek: kaña bat eta alemaniar saltxitxa, euro batean. Bestalde, trikipoteoa egongo da tabernarik taberna eta herriko bertsolariek saiotxoak eskainiko dituzte. Antolatzaileek autobusak jartzeko asmoa dute, txorierritarrak eta Mungiako lagunak Larrabetzuraino autoa hartu behar barik hurbil daitezen.