Agroekologia eta kontsumoari buruzko jardunaldiak

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 19a, 11:11

Gurpide Larrabetzuko elkarteak agroekologia eta kontsumoaren gaineko jardunaldiak antolatu ditu otsailaren azken asterako. Ekimena Txispamendi gurasoen elkartearen laguntzarekin antolatu dute. Datak oraindik zehaztu barik badituzte ere, jardunaldietan aztertuko diren gaiak aurreratu egin dituzte. Besteak beste, sasoiko produktuak ezagutzeko mintegia egingo dute. Sukaldari-nutrizionista baten eskutik eta baserritarren gidaritzapean, herriko baserriak bisitatuko dituzte, neguko produktuak eta haien ezaugarriak ezagutzeko. Era berean, produktu batzuk batu eta sukaldean prestatuko dituzte. Herriko lagun batek Kuban egon da orain dela gutxi, eta aukera eduki du hango agroekologia mugimendua ezagutzeko. Gai hau ere izango dute hizpide jardunaldietan eta horretarako, diaporama-hitzaldi bat emango da. Kubak nekazaritza eredua goitik behera aldatu behar izan zuen, Sobietar Batasuna desegin ostean, petrolio iturririk gabe gelditu zenean. Hogei urte pasatu dira harrezkero, eta Karibeko irlan gai izan dira egoerari buelta emateko: nekazaritza petroliotik askatu eta agroekologiaren bidea hartu du. Bestetik, baserriaren inguruko erakusketa txikiren bat ere egingo dute. Jardunaldien data zehatzak eta zehetasunak otsailaren hasieran emango dituzte ezagutzera, kartelen eta www.larrabetzutik.org webgunearen bidez. Gurpide elkarteak adierazi duen moduan, urtean zehar ekitaldi gehiago antolatuko dituzte nekazaritza eta kontsumo arloan.