Ezezaguna denaren kontra borrokatzen

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 13a, 15:15

Jakirik hartu ezin zuen mutila. Izenburu polita izan daiteke film baterako. Zoritxarrez, benetako istorioa da. Garikoitz larrabetzuarrak gaixotasun arraro bat du, eta hori dela-eta ezin du jakirik hartu, erabateko elikagai-intolerantzia duelako. Egunero aminoazido-formula bat hartzen du elikagaitzat, zunda baten bidez. Bere istorioa zinemara eramateko modukoa da, eta hori pentsatu dute Angélica Fontes de Albornoz, Ana Palou, Lucía Pascual e Isabel Grábalos Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio ikasleek. Luchando contra lo desconocido dokumentalak Garikotzen bizitzaren berri emango du. Horretarako, hiru aste eman dituzte gazteek Larrabetzun, Garikoitzen atzetik. Dokumentalaren zati bat verkami webgunean dago ikusgai. Larrabetzuko umeak duen gaixotasuna oso arraroa da, hain arraroa ezen izena ere ez baitu. Pelikulak ikerketa sustatzea du helburu. Eta horregatik uste du Kontxik, Garikoitzen amak, pelikula aukera ona izan daitekeela. “Guk gaixotasuna ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu, ea horrela ikerketa bultzatzen den. Dokumentalak hala egiteko aukera eman ahal digu, doan eta erraz”. Kontxiren hitzetan, pelikula grabatzea zaila izan da, baita polita ere. “Lotsa sorrarazi dit ospitalean edo herrian kamerak gure atzetik ibili direnean, baina jendeak izugarri lagundu digu eta proiektua zuzentzen zuten neskak oso jatorrak izan dira”.