Larrabetzuko osasun zentroa, gero eta hobea

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 09:59

Larrabetzuko osasun zentro berria joan den hilabetean jarri zen martxan, eta herriko lagunak poz-pozik azaldu dira azpiegiturarekin. Bertan erizaina eta medikua dituzte, eta, gainera, astean behin odola ateratzen da. Lehen, horretara, Galdakaoko ospitalera joan behar izaten zuten. “Erosoagoa eta politagoa da... Hobea, azken batean”, esan digute paziente batzuek itxaron gelan. “Gaur egun pribatutasun handiagoa dugu”, aipatu du beste batek. “Oro har oso gustura gaude eraikin berrian, baina gauzak hobetu ahal dira, eta horretan gabiltza”, esan digu Asun Gaztelu herriko alkateak. “Osakidetzari gauza batzuk eskatu dizkiogu ahalik eta eskaintza handiena emateko: batetik, pediatria-kontsulta eskatu diogu, herrian azken bolada honetan ume asko jaio direlako; eta bestetik, espero dugu administrazio-langile bat laster osasun zentroan aritzea. Horrek hitzorduak emango ditu eta oso mesedegarria izango da, batez ere, nagusientzat”.