Larrabetzuko Literatura Eskola orain dela 10 urte sortu zen. “Hezkuntza araututik zein ostantzeko transmisio bideetatik jasotzen ari garen literaturari buruzko edukiek ez gaituztela asetzen aldarrikatu genuen, geuk aukeratu nahi genuela zer eta norengandik ikasi”. Urteurrena ospatzeko eta beren ibilbideari jarraipena emateko, eskolaren arduradunek erabaki dute literatura lantzen duten beste talde batzuekin elkartzea. Gonbidapena talde hauei egin diete: Elearazi, 111 Akademia, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Sareinak eta UEUko Literatura Saila. “Egoera eta erronka berriei aurre egiteko prest agertu dira guzti guztiak eta proiektua martxan da jada”. Elkarte bakoitzeko ordezkari batek parte hartuko du Literatura Eskolaren antolatze-lanetan, “baina, jakina, proiektuak aurrera egingo du lekuan lekuko antolatzaile eta laguntzaileei esker”. 2013-2014 “trukeurterako”, egitarau hau prestatu dute:
- Ander Lipusen antzerkigintza. Jaime Balberde. Urriaren 19an, Anguleri Larrabetzuko kultur etxean.
- Txinako literatura garaikidea. Maialen Marin. Azaroaren 16an, Sanzenea Zarauzko kultur etxean.
- Amaia Lasaren poesigintza. Josune Muñoz. Abenduaren 14an, Bilboko Alondegian.
- Ramon Saizarbitoria eta iragana. Markos Zapiain. Urtarrilaren 18an, Oreretako Mikelazulon.
- Joseba Sarrionaindia: itsasoa da bide bakarra. Otsailaren 16an, Xaia Pausuko ostatuan.
- Harrikoa eta literatura. Martxoaren 15ean, Iruñeko Euskaldunon Biltokian.
- Abangoardiak euskal literaturan. Iñigo Aranbarri. Apirilaren 12an, Durangoko udal liburutegian.
- Euskarara ekarritako poesia. Gerardo Markuleta. Maiatzaren 10ean, Oreretako Mikelazulon.
Ikasturte osoko matrikulak 20 euro balio du soldatadunentzat; eta 10 euro, soldatarik ez dutenentzat. Izena emateko, mezu bat agindu behar da eskola@literaturaeskola.org helbide elektronikora, eta bertan hauek adierazi: izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Hala ere, aukera dago matrikula eskola bakoitzeko egiteko. Kasu horretan, soldatadunek bost euro ordaindu beharko dute; eta hiru euro, soldatarik ez dutenek. Dirua 2095 0046 30 9113145842 kontu korrontean sartu behar da. Matrikuletatik biltzen den dirua hizlariei ordaintzeko eta azpiegitura gastuak kitatzeko erabiliko da. Informazio gehiago: eskola@literaturaeskola.org eta www.literaturaeskola.org.