Etxahun Lekue larrabetzuarrak irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren haritik Oionen egin den kanporaketa, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Lekuek azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den bigarren finalaurrekoan kantatuko du.
Larrabetzuarrekin batera (638 puntu), Miren Amuriza (628,5), Iratxe Ibarra (627,5), Eneritz Zabaleta (595,5), Maddi Sarasua (579), eta Manex Agirre (578) aritu ziren bat-batean, Oionen.
Oiongoa azken kanporaketa izan da eta, horrenbestez, jakina da finalaurrekoetan zein bertsolarik kantatuko duten, baita finalaurrekoen osaketa ere:
Azaroak 9, Gernika-Lumo: Amets Arzallus, Jon Martin, Julio Soto, Jone Uria, Nerea Elustondo eta Jokin Uranga.
Azaroak 10, Tolosa: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi".
Azaroak 16, Oiartzun: Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso.
Azaroak 17, Murgia: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia.
Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira. Bigarren itzulira saio bakoitzeko irabazlea eta hamalau puntuaziorik onenak pasatuko dira. Bigarren itzuliko finalaurrekoak Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko dira azaroaren 23an, 24an eta 30ean. Finalaurreko guztietarako zein finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.