Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak 30 aldiz antolatu du aurten Gazte Eguna herrian, abuztuaren 2an. Antolatzaileek “Erduzie Larrabetzuko Gazte Egunera” bideoa eskegi dute YouTuben, ekintzaren berri emateko eta gazteak han parte hartzera animatzeko. Urtero moduan, jaiak Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbladen lana bultzatzea du helburu, eta hainbat lekutatik etorritako gazteek hartuko dute parte jaialdian. Jai-egitaraua oparoa da: 11:00etan eskalada-erakustaldia antolatu dute eta goiz osoan zehar trikitilariek girotuko dute eguna. Geroago, 14:30ean, bazkaltzeko ordua izango da eta ostean, bingo txouuua egingo da. 17:30an gaztetxe eta gazte asanbladen arteko olinpiadak jokatuko dira. Gauean, 23:00etik aurrera, musikaren txanda etorriko da eta han Zea Mays, Kop eta Skakeitan taldeak izango ditugu entzungai. Revolutionary Brothers, King Consul eta Dj Kaiku disc-jockey-ek amaiera emango diote jaiari.