Txakurkrossa kirol berria da eta gero eta jarraitzaile gehiago du. Txakurrak korrika egiten du, eta atzean, txakurrak bultzatzen duela, korrikalaria doa, soka baten bidez txakurrari lotuta. Txakurkrossean aritzen diren lagun batzuk daude Larrabetzun eta horiek lasterketa antolatzeko gogoa adierazi zuten. Karradera elkartearekin jarri ziren harremanetan eta guztien artean txakurkrossa antolatu dute azaroaren 2rako. Parte-hartzaileek zazpi kilometroko ibilbideari egingo diote aurre mendian.
Parte hartzeko epea zabalik dago, eta antolatzaileek 70 lagun batzea espero dute. “Denboraldia ez da oraindik hasi, eta txakurkrossaren zaleak parte-hartzeko irrikan daude”, esan digu Haritz Carrerak antolatzaileetako batek. “Gipuzkoan lasterketa batzuk antolatzen dituzte, baita liga bat ere; Bizkaian antzeko gauza bat egin nahi dugu, gero eta bizkaitar gehiagok parte hartzen dugulako. Esate baterako, Gorlizen, Etxebarrin eta Sodupen ere egiten dira saioak”. Informazio guztia, helbide elektroniko honetan: karraderantxakurkrossa@gmail.com.