Literatura Eskolak ateak zabalduko ditu urrian

Aikor aldizkaria 2014ko urriaren 14a

Aurtengo ikasturtearen lehenengo saioa urriaren 25ean egingo dute Zarautzen, eta han Martin Ugalderen lana edukiko dute hizpide, Larraitz Ariznabarretaren eskutik: Deserriaren kartografia. Datozen hilabeteei begira, beste zazpi saio antolatu dira, besteak beste, Larrabetzun, Iruñean eta Hendaian. Urte osoko matrikulak 20 euro balio du soldatadunentzat; eta 10 euro, soldatarik ez dutenentzat. Hala ere, saio jakin baterako matrikula egiteko aukera ere badago: bost euro, soldatadunentzat; eta hiru euro, soldatarik ez dutenentzat. Izena emateko, mezu bat bidali behar da eskola@literaturaeskola.org helbidera eta datu hauek zehaztu: izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Informazio gehiagorako, esandako helbide elektronikora edo www.literaturaeskola.org webgunera jo daiteke. Hurrengo saioak: Azaroak 29 - Hogeita hamar urte euskal literatur kritikan (1975-2005). Ibon Egaña. Larrabetzuko Anguleri kultur etxean. Abenduak 20 - Virginia Wolf, Olatuak hitz, hitzak apar. Ana Morales eta Itziar Diez de Ultzurrun. Iruñeko Euskaldunon Biltokian (Txantrea) Urtarrilak 24 - Ulyssesen itzulpenak. Xabier Olarra. Bilboko Alondegian. Otsailak 21 - Piarres Larzabal: Euskaldunen mundua ezagutzeko antzerkigintza. Ixabel Etxeberria. Donostiako Ernest Lluchen. Martxoak 21 - Xabier Amuriza, bertsolaritzatik literaturara joan etorrian. Andoni Egaña. Durangoko Udal liburutegian (Zilar Astea). Apirilak 25 - Hostoak ostuz. Literatura, komikiaren ixtoriborda. Asisko Urmeneta. Hendaiako eskola publikoan. Maiatzak 23 - Poesia feminismotik irakurtzen. Kattalin Miner. Gasteizko El Pilar gizarte-etxean.