Urtero lez, Larrabetzuko Produktuen Azoka ospatu zan pasa den urriaren hirugarren asteburuan. Hamaseigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Eguraldia lagun, beste behin be larrabetzuarrek ez eben kale egin eta plaza bete eben, 18 baserritarrek eskainitako produktuak ikusi eta erosteko asmoagaz. Ortuariek, larrua, txakolina, egur lanak, kontserbak, arrautzak, ogi eta opilak,... Bosgarren urtez, Gurpidek, Larrabetzuko baserritar eta kontsumitzaileen alkarteak euki eban antolakuntzaren ardurea. Larrabetzuko baserritarren gida 2015-2017 aurkezteko be aprobetxau zan eguna.
Gurpidek elikadura burujabetzari buruzko bideo laburren emonaldia be prestatu eban. Otzararen zozketarako, galdera-sorta banatu zan, Bizkaiko nekazaritzari, elikadura-sistema globalizatuari edota Palestinako baserritarrak sufritzen ari diran bidegabekeriei buruzko informazinoa emoteko asmoz. Gurpidek azokaz baliau zan Palestinako UAWC baserritarren alkartea laguntzeko kanpainan parte hartzeko. Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak bultzatu dau kanpaina, eta guztira 22.109€ batu dauz. Taloen salmentagaz batutako diruaren %25 (200€) be Palestinarantz joango da. Izan be, aurton Israelgo armadak bidegabeki eragindako kalte bortitzek egoera are larriagoan jarri dabez palestinarrak. Palestinarren olibondo zaharrek azken 30 urteetan sufritu daben triskantzak horren adibidea emoten dau: UAWC-ek esaten dabenaren arabera, Israeldarrek 800.000 olibondo baino gehiago sustraitik atara edo hil dabez tarte horretan.
Larrabetzuko talogileek egindako lan finari esker, 200 talo baino gehiago saldu ziran. Batutako dirua ureztapen sistemak berreraikitzeko, haziak eroskeko eta nekazari palestinarrek dabezan beste behar batzuetan laguntzeko balioko dau. Eskerrik asko, Larrabetzu.