Abenduan Olarreta Pilota Eskolaren Eguna ospatu zuten Larrabetzun. Goizean, umeen partidak antolatu ziren pala zein esku kategorietan, eta bertan neskek eta mutilek hartu zuten parte. Bazkaria ere egon zen eta haren ostean, Txokoan taldeko neskek partida bat jokatu zuten. Egun horretan ere Lau eta erdiko finala jokatu zuten Irujok eta Olaizolak, eta Olarreta Egunean batu zirenek aukera izan zuten hori Larrabetzuko frontoian ikusteko. Pablo Fusto, Euskadiko txapelduna pala kategorian, DJ aritu zen eta musika ipini zion jaialdiari.
Unai Ortiz Olarreta elkarteko delegatuak azaldu digun moduan, ekitaldiak talde osoa batzea eta diru apur bat lortzea izan zituen helburu. “Izan ere, kluba egoera larrian egon da arlo ekonomikoari dagokionez. Hala ere, aipatu beharra dago gurea Bizkaian fitxa gehien egin duen taldea izan dela. Berrogeita hiru ume ditugu Eskolarteko txapelketa jokatzen, eta 11 federatuta daude. Bestalde, zuzendaritza berritzen gabiltza gaur egun, klubari beste bultzada bat emateko”.
Oso ekintza arrakastatsua izan zen eta frontoian 300 lagun inguru batu ziren, pilotariak, gurasoak, udal ordezkariak eta beste elkarte batzuetako kideak, tartean. Antolatzaileak oso pozik azaldu ziren ekintzarekin eta herritarrek emandako erantzunarekin, eta pilotari gazteek ere ederto pasatu zuten. Jaialdia aurten ere antolatzeko asmoa dutela esan digute. “Talde eder eta handi bat sortu da Larrabetzun, eta gure helburua herrian pilota indartzea da. Era berean, ahalik eta modalitate gehien sustatu nahi ditugu eta taldeetan neskek zein mutilek har dezatela parte”. Amaitzeko, jaialdia antolatzeko gurasoek emandako laguntza bereziki eskertu du Ortizek, baita Ziki sukaldariak egindako lana ere.