Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Larrabetzuko Udala salatu zuen 2013ko uztailean, udaletxean Estatuko bandera ez jartzeagatik. Bilboko Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko Epaitegiak orain dela gutxi hartu du erabakia, eta Espainiako bandera jartzeko agindua eman dio Larrabetzuko Udalari. Agindua betetzeko epea martxoaren 6an, barikuan, amaituko da eta, ziurrenik, bandera egun horretan ipiniko dute. Udalak legea beteko du, baina ez dago batere ados. “Bandera bat udaletxeko balkoian jarri behar dugu, eta beste bat, Osoko Bilkuren Aretoan. Amorratuta gaude, Espainiako bandera larrabetzuar gehienontzat arrotza delako. Hori dela-eta, plaka bat ipiniko dugu, bandera legeak hala aginduta jarri dugula adierazteko, eta herria erabaki horren kontra agertzen dela azaltzeko”, esan digu Asun Gaztelu alkateak.
Bestalde, Udalbatzak bando bat zabaldu du. Han jaso duten bezala, Espainiako bandera jarri behar izatea ez da lagungarria izango bizikidetza eta bake soziala lortzeko. “Lege injustu, atzerakoi eta frentista hau arbuiatu eta salatu egiten dugu. Espainiar Gobernuari exijitzen diogu Larrabetzu herriak modu librean aukeratutako udal ordezkariei egiten dieten jazarpen politikoa bertan behera uzteko”.
Larrabetzu ez da agindua jaso duen herri bakarra. Esate baterako, otsailean, Izaskun Uriagereka Mungiako alkateak dimititu egin zuen udaletxean Espainiako bandera jarri behar zuelako. “Oso erabaki ausarta eta errespetagarria iruditzen zait, baina nik ez dut gauza bera egingo. Izan ere, nik legea betetzen ez badut, hurrengoak egin beharko du. Legea bete behar dugu, behintzat erabakitzeko eskubidea izan arte. Herriak aurrera egin behar du, bandera batek ez dizkigu sentimenduak aldaraziko”, esan du Asun Gazteluk.